Hondakinei buruz informatzeko ingurumen hezitzaileak ibiliko dira kalean

RSU Egitasmoa Lanbideko Enplegu Planaren baitan kokatzen den egitasmo pilotu bat da, Pasaia, Errenteria eta Lezoko Udalek bultzaturikoa, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera. Enplegu Planaren helburua langabezia egoeran dauden pertsonei lan aukera bat ematea bada ere, egitasmo honek Ingurumenaren eta hondakinen inguruan herritarrek dituzten ohituretan positiboki eragitea bilatzen du.

Helburuak

Egitasmo honen helburu nagusia herritarrek hondakinen inguruan dituzten ohituretan eragitea da, honetarako, auzoz-auzo kalean bertan egingo den sentsibilizazio-informazio-heziketa kanpaina bat abiatuko da.

Kanpainak honako helburu zehatzak ditu:

  1. Errefusaren edukiontzira botatzen den hondakin kopurua gutxitzea
  2. Biohondakinen edukiontziaren erabilera sustatzea
  3. Bestelako edukiontzietara (ontzi arinak, papera eta kartoia, beira…) botatzen den hondakinen sailkapena era egokian egitea
  4. Herritarrak, ekoizle handiak, saltokiak, elkarteak eta bestelako kolektiboak hondakinen gaiaren inguruan sentsibilizatzea eta ondo bereizteak zein onura eragiten dituen (Ingurumenari, ekonomiari, Udalari eta orohar gizarteari) ezagutzera ematea.
  5. Herritar, saltoki eta elkarteek hondakinen sailkapenaren inguruan dauzkaten zalantzak argitzea eta dituzten beharrak ezagutzea.

Antolakuntza eta kronograma

Egitasmoa Oarsoaldea Garapen Agentziatik koordinatuko da. Errenterian Ingurumen teknikari bat eta hiru ingurumen hezitzaile arituko dira lanean, otsailaren 5etik maiatzaren 31a bitartean.

Antolakuntza honakoa izango da: egunero lan taldea edukiontzi multzo baten inguruan jardungo da herritarrei informatuz eta sentsibilizatuz, aste batean goizez eta hurrengo astean arratsaldez arituko delarik. Tarteka ere saltoki, taberna eta jatetxeetara gerturatuko dira, hauei ere informazioa eskainiz eta dituzten beharrak jasoz. Bestalde, herriko elkarte eta bestelako eragileei formakuntza saio laburrak emango zaizkie, kanpainak irauten duen bitartean. Edukiontzi multzo bakoitzean 2 goiz eta 2 arratsaldez jardungo dira, hautatutako edukiontzi multzo guztiak landu arte. Bertan, goizeko 9:00tatik 13:00tara egongo dira goizez dauden asteetan eta arratsaldeko 15:30tatik 19:30tara arratsaldez dauden asteetan.

Kanpaina aurrera eramateko, ingurumen teknikaria eta hezitzaileak kalean dauden bitartean informazio mahai batez baliatuko dira, non herritarrei zuzendutako hainbat dokumentu eskura izango diren. Herritarrei hurbiltzeko garaian, galdeketa batez baliatuko dira. Baliabide honek, beraien ohiturak ezagutzeko aukera emateaz gain, hondakinen inguruan dituzten zalantzak argitu, informatu eta sentsibilizatzeko aukera emango die. Era berean, hondakinen kudeaketaren inguruko herritarren proposamen eta ekarpenak ere jasoko dira.

Noiz: Otsailaren 5etik maiatzaren 31 arte

Ordua: Goizeko astean 9:00-13:00 / Arratsaldeko astean: 15:30-19:30

Non: Edukiontzi isla ezberdinetan (2 goiz eta 2 arratsalde isla bakoitzean)