Igerilekuko 2018ko Erronka hasi da

Errenteriako Udalak eta Serviocio BeONE Galtzarabordako Kiroldegiko eta Fanderiako igerilekuetako kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak, Igerilekuko Erronkaren aurtengo edizioa antolatu dute. Jarduera hori doakoa da abonatuak dauden pertsona guztientzat.

Igerilekuko Erronka kirol jarduera boluntarioa da igerilekura igeri egitera sarri joaten diren erabiltzaileei eskaintzen zaiena. Ideia nagusiena da erabiltzaileen artean pizgarri txiki bat sortzea, eta probak irauten duen bitartean ibilalditxo fiktizoa egin dezaten sustatzea.

Aurten proposatzen dute hiru erronka betetzea, 25, 50 eta 100 kilometroko erronka bana, baina aurrekoetan baino denbora gehiagorekin, apirilaren 28 baino lehen bete beharko baitira (guztiak edo baten bat).

Jardueraren funtzionamendua oso erraza da. Igerilekuko erronkan parte hartu nahi duen pertsonak izena eman beharko du soroslearen mahaian, Errenterian dauden udal igerilekuetatik nahi dutenean. Igeri egiten duen egun bakoitzean egindako distantzia jakinaraziko dio sorosleari, eta, era horretan, egindako metroen kontrola eta falta zaizkion metroen kontrola egingo dituzte.

Astero jarriko dute instalazio bakoitzeko oholetan parte-hartzaile bakoitzak egindako distantzia.

Apirilaren 28an egingo duten jaian igeriketa-lehiaketa txiki bat egingo dute igerilekuan, erronkari amaiera emateko. Ondoren diplomak, opariak eta abar banatuko dituzte.
Erronkaren aurreko edizioan adin eta egoera fisiko desberdineko 200 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte. Aurten helburua da parte-hartze kopuru hori handitzea.
Herritarrak erronka hauetan parte hartzera animatu dituzte, norberak bere markak gaindi ditzan.