Inude eta artzainen konpartsa kalez kale ibiliko da igandean

Hezkuntza | Inauteriak | Kultura 2018-02-15 | 0

Orereta Ikastolak, 21. urtez segidan, inude eta artzainen konpartsa antolatu du. Igandean, otsailaren 18an, eguerdiko 12:00etan, abiatuko da Koldo Mitxelena plazatik ikastolako haur eta gazteek, guraso eta irakasleek osatutako konpartsa, eta desfile horrekin bukatuko dira 2018ko inauterietako ekintzak. 250 gaztek eta 200 helduk osatutako konpartsak, 450 partaide guztira, Errenteriako kaleak zeharkatuko ditu Sarriegiren musika lagun.

Konpartsa honetako musika Raimundo Sarriegik 1869an egina da. Lehen emanaldia Donostian 1885eko otsailaren 2an izan zen Kandelario egunez, garai hartan jai eguna baitzen. Nahiz eta inude lanbidea oso arrunta izan sasoi hartan, gizonezkoek bakarrik esku hartu zuten orduan, emakumeei ez baitzitzaien uzten kale festetan protagonista izaten. Gizonik gizenenak inude jantzi zituzten eta meheenak, artzain. Urteroko emanaldi honek 1912. urte arte iraun zuen. Urte hartan, Kandelario egunak jai izateari utzi zion eta emanaldiak bertan behera geratu ziren.

1912 eta 1977 artean, zenbait emanaldi izan ziren Antiguan, Hernanin, Pasaian, Altzan eta abar. Azkenik 1977an, Donostiako Kresala elkarteak berrantolatu egin zuen festa koloretsu eta ikusgarri hau; eta geroztik, inauteri tenorean, urtero eskaini ohi da.

Gure herriari dagokionez, Ereintza elkarteak plazaratu zuen 1979 eta 1980an. Geroztik ez zen emanaldirik izan, harik eta 1998an Orereta Ikastolak egiteko hori bere gain hartu zuen arte. Harrezkero urtero-urtero, inauteri igande ondorengo igandean garai bateko jantziak eta ohiturak kaleratu ditu.  Aurten ere artzainak herrira etorriko dira inudeak gorteatzera, eta haur jaioberriak bedeinkatu eta txertatzera. Iragan mendeko gizartearen zenbait irudi ekarriko digute gogora: alkatea emaztearekin, udal idazkaria, kardinala, apaiza akolitoekin, mikeleteak, medikua eta erizainak, puxika-saltzaileak, barkilleroak, piruleteroak, galleterak, sardinerak, arropa-garbitzaileak, margolaria, zapata-garbitzailea, lore-saltzaileak, okinak, kale-garbitzaileak eta abar.

Emankizun honetan herriko hainbat elkarte eta koadrilak parte hartuko du Orereta Ikastola lagunduz, hala nola Ereintza Elkarteko Txistulari Taldea, Iraultza dantza taldea, Errenteria Musikaleko musika banda, dultzaineroak, trikitilariak, Amulleta Elkarteko Danbor Kofradia, dantzari koadrilak baserritarrez jantzita erromeri giroan, Jose Mari auto klasikoak, eta beste hainbat gazte eta heldu garai bateko jantziekin. Guztiei esker ona adierazi die Orereta Ikastolak aldez aurretik.

Ibilbidea
Konpartsa 12:00etan abiatuko da Koldo Mitxelena plazatik (Esmalteria), eta Maria de Lezo, Xenpelar, Biteri, Alfonso XI, Pilotarien kalea, Kapitanenea eta Biteri (txiki) kaleetan zehar Gamon Zumardira iritsiko da; han fandangoa eta arin-arina dantzatuko dute. Itzulera, berriz, Herriko Enparantza, Foruen plaza, Xenpelar, Morrongilleta kalean gora Koldo Mitxelena plazara, bertan ekitaldi nagusiarekin amaitzeko.

No comments yet.

Utzi erantzuna