Landarbaso abesbatzak Alexander Vatsek zuzendariarekin tailerra egingo du

Ion Collar, Maddalen Dorronsoro, Iñaki Tolaretxipi eta Pedro Martinez Sein agerraldian.

Landarbaso abesbatzak Ukrainako Alexander Vatsek zuzendariarekin 16 orduko tailerra egingo du asteburuan. Landarbaso abesbatzarekin lan egitera dator espreski Europako zuzendaririk entzutetsuenetako bat. Horrelako formakuntzak estrategikoak direla adierazi dute.

Ion Collar Kultura zinegotziak Landarbasoren curriculuma izugarria dela nabarmendu du tailerraren aurkezpenean. Eta ibilbide horri Vatsek jaunarekin egingo duten tailerra erantsiz, zerbait berezia sortuko den ziurtasuna azaldu du. Horrelako formakuntzak estrategikoak direla ere adierazi du. Iñaki Tolaretxipi Landarbasoko zuzendariak ere esan du Landarbasorentzat estrategikoa dela tailer hau. Beraiekin batera izan dira agerraldian Maddalen Dorronsoro  eta Pedro Martinez Sein abesbatzako ordezkariak.

2018. urterako kalitate altuko proiektu eta kontzertuak dituzte Landarbaso abesbatzean. Izan ere, taldeak esku artean ditu besteak beste: Laida Pilota, iparraldean egingo den euskal pilotaren inguruko proiektu handian parte hartzea, arte eszenikoen arlo desberdinetako profesionalekin batera emanaldi desberdinetarako egiten ari den prestakuntza eta lankidetza lana, eta 2018ko urriaren amaieran Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketaren 50. urteurreneko edizio berezian parte hartzea.

Orain 7 urte Landarbaso Abesbatzak lehiaketa hartan parte hartu zuenean Polifonia Saileko 3. saria eskuratuz, edizio hartako lehen sari guztiak irabazi zituen Ukrainako Oreya abesbatzak eta bere zuzendaria Alexander Vatsekek. Zuzendari honek ere taldearekin lortutakoa ez da marka makala: 1990. urtetik 9 Grand Prix edo Abesbatzen Europako Sari Nagusi (abesbatzen “Champions League” bezala hartzen dena) eta 31 lehen sari lortu ditu nazioarteko lehiaketa desberdinetan.

Hori horrela, abesbatzarentzat ohore handia da munduko lau abesbatza onenen artean kokatua dagoen talde bateko zuzendaria Errenteriara ekartzea espreski Landarbasorekin lan egiteko.  Vatsek jaunak asteburuan Errenterian egingo duen lana hiru arlo desberdinetan kokatuko da:

  1. Landarbasoko abeslari bakoitzaren ahots teknika landu eta hobetzea.
  2. Abesbatzako soka bakoitzaren ahots produkzioaren kalitate handiena lortzeko lan egitea.
  3. Landarbasoko zuzendariak aukeratutako hiru obra lantzea abesbatza osoarekin, talde osoaren lana eta abesbatzaren soinua landu eta hobetzeko.

Landarbasok gazte eta haurrekin duen konpromisoa ere aipatu dute, eta ildo horretatik, asteburuan egingo duten tailerrean gazte eta haurrei ikusle eta entzule gisa parte hartzeko aukera emango dietela adierazi dute.