Loregintza tailerra egingo dute Torrekuan martxoaren 1ean

Habian! proiektuaren ekitaldien programaren barruan, loregintza tailerra antolatu dute martxoaren 1ean arratsaldeko 18:00etan Torrekuan. Idoia Lizeaga Iturralde  bitxigile eta loregintzan adituak eskainiko du, Oarsoaldea Garapen Agentziaren eskutik. Parte-hartzaileek etxera eraman ahal izango duten kokedama edo goroldio-bola egiteko aukera izango dute.

Martxoaren 1ean loregintza tailerra burutuko da Errenteriako Torrekua eraikinean 18:00etan hasita eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du. Tailerra, Idoia Lizeaga Iturralde artistak gidatuko du. Idoia, beste bost bitxigilerekin batera, Habian! Fabrika Kreaktiboa programaren bidez Torrekua eraikinean lanean ari da egun.
Florista profesional gisa bide luzea egin, Land Art instalazioetan (Girona temps de flors, besteak beste) parte hartu eta Escola D’Art Floral de Catalunyan irakasle aritu eta gero, Euskal Herrira itzultzearekin batera, ibilbide berria hasi du Idoia Lizeaga Iturraldek Zizurkilgo Fraisoro Nekazaritza Eskolan, ekitaldien koordinazioaz arduratuz eta ikastaroak emanez Fraisoron bertan eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioan bazkide diren lore-saltzaileei.

Martxoaren 1ean Torrekuan egingo den tailerrean, parte-hartzaileak kokedama (goroldio-bola) egiteko teknika, materialak eta egiteko modua ezagutzeko aukera izango du. Goroldioan bildutako landarea izango da, zintzilik jartzeko prestatua. Hasteko materialak aztertu eta lurra prestatuko dute, gero buztinezko azala prestatuko dute eta goroldioa lotuko diote landareari, eta bukatzeko, eusteko sistema prestatuko dute.

Tailerra ezaguerarik ez duten helduentzat zuzendua dago (edo 12 urtetik gorakoentzat) eta gehienez 12 parte-hartzaile izango dira. Kobratuko den prezioa 30 eurokoa izango da laguneko.

Julen Mendoza Errenteriako alkatearen esanetan “Habian! proiektuaren bidez Errenteria eta Oarsoaldeko ekonomia eraldatu nahi da, sorkuntzan eta elkarlanean oinarritutako eredu batean bihurtzeko”. Horretarako bi haztegi jarri dira martxan: Habian! Fabrika Kreaktiboa eta Habian! Teknologia Kreaktiboa. Teknologia berrietan, artisautzan edo bestelako ofizio sortzaileetan oinarritutako proiektuekin datozen ekintzaileei laguntza zerbitzua eta jarduera bertan garatzeko espazioa eskaintzen zaizkie. Tailer honen bidez, arte diziplina hau herritarrarengana gerturatu nahi da, beraiek sortutako dekorazio elementu bat etxera eramateko aukera emanez.

Erreserba eta izena emateko epea

Izena emateko lehenengo erreserba egin behar da habianfabrika@oarsoaldea.eus helbidera idatziz eta epea otsailaren 28an bukatuko da edo tailerraren 12 tokiak betetzen direnean, inskripzio ordena errespetatuz. Zalantzarik izanez gero, 943 49 41 29 telefonora dei daiteke.