Otsailaren 27an, auzo-konpostaje guneetara jarraipen-bisitak egingo ditu udalak

Hurrengo asteartean Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko 6 guneetara hileroko jarraipen-bisita egingo du udalak. Lanok Errenteriako Udalak bultzatutako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzokonposta egiten nola etxeko konposta egiten, zaborraren tasan %30eko hobaria aplikatzen zaie.

Aurreko bisitak ez bezala, otsailaren 27ko ikuskaritza-lanak goizez egingo ditu udalak kontratatutako aholkularitza-enpresak. Horrela, lantaldeko kideak 9:30ean abiatuko dira Fanderiako gunetik eta gero, ondorengoa izango da ibilbidea: Agustinak, Gaztaño (lehenik Arramendi igoeraren hasieran kokatuta dagoen gunea eta ondoren, Gaztaño 44 zenbakiaren parean dagoena) eta Alaberga (auzoko familiek erabiltzeko guneaz gain, Uztargi haur-eskolak ere konposta egiten du). Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Hori dela eta, erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, aldez aurretik 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Era berean, oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, goian aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.

Etxean konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die Udalak, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez eta intzidentzien inguruko informazioa jasoaz. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero edo herritarren batek etxean konposta egin nahiko balu, honako posta elektronikora idatz dezake: etxekonpostae@errenteria.eus.