Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitearen garrantzia azaltzeko motibazio saioa egin dute

Don Bosco Institutuan formazio-motibazio saioa egin dute enpresetan praktikak egingo dituzten ikasleekin, euskara erabiltzearen garrantziaz jabetzeko. Martxoan lantokiko praktikak egitera joango diren D ereduko ikasle guztiei eman diete formazio-motibazio saioa Don Bosco Institutuan. Ahize-AEK-ko aholkulari Mikel Urdangarin izan da saio honen gidaria.

Ikasleek denbora gutxi barru enpresa batean praktikak egiten hasiko dira eta Urdangarinek praktika hauek euskaraz egitearen garrantziaz hitz egin die. Honetaz gain, euskararen inguruko gako batzuk erakutsi ditu.

Jose Angel Sanchez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak adierazi duenez, formazio-motibazio saio hauek praktiketara joango diren ikasleei eta haien tutoreei zuzenduta daude. Bertan ikasleen etorkizunean eta enpresaren etorkizunean hizkuntza kudeaketaren garrantzia ikusi ahal izan dute. Eta, aldi berean, enpresetan hizkuntza kudeaketa egokia egiteak zer nolako eragina daukan hizkuntz-komunitatearen biziraupenean. Saio hauetan enpresetako jendearen eta ikasle ohien adierazpenak eta esperientziak ere jaso dituzte.