ZU! arreta zerbitzu berria harrera ona izaten ari da herritarren artean

Herritarren arretarako zerbitzuak, ZU! Zure Udala zerbitzuak bete du bere lehen astea, eta harrera ona izan du, herritar ugari pasa dira jada bertatik hainbat tramite egitera. Guztira 1.100 pertsona baino gehiago hurbildu dira zerbitzu berrira lehendabiziko astean. Horietatik, aurrez aurreko arreta jaso dutenen kopurua 900dik gorakoa izan da, eta telefono bidez arreta zerbitzura jo dutenak, berriz, 200 baino gehiago izan dira. Otsailaren 19an jarri zen abian bi urte luzez egindako barne lanaren ondoren. Goizeko 07:30etik aurrera zabalik dago egunero, eta astean bi egunetan arratsaldez ere bai.

ZU! Zure Udala zerbitzuaren ezaugarriak dira leihatila bakarra, ordutegi zabalagoak, erosotasuna eta atentzio pertsonalizatua. Herritarrentzat erreferentziazko gunea bilakatuko da, edozein tramite administratibo bideratu ahal izango baitute puntu bakarrean eta modu ezin erosoagoan. Zerbitzuarekin salto kualitatibo bat eman dute herritarrei arreta emateko moduan, besteak beste, tramite guztietan formatutako zortzi pertsonen bidez ematen da arreta. Horretaz gain, espazio fisikoa ere moldatu dute, herritarra behar duen moduan artatuta izan dadin, eserita, eroso eta era pertsonalizatuan.

Goizeko lehen orduan ere zabalik
Ordutegiari dagokionez, berrikuntza nabariena da bi egunetan arratsaldez irekita dagoela. Baina, nabarmentzekoa da, halaber, goizetan 07:30etik aurrera zabalik dagoela. Lehenengo orduan joanez gero, lasaiago arreta emateko aukera dute langileek.

Nolanahi, herritarrei arreta emateko ordutegia ondokoa da:
07:30-15:00 astelehen, asteazken eta ostiraletan.
07:30-20:00 astearte eta ostegunetan.

Azken buruan, jarduera administratiboaren eta politikoaren erdigunean herritarra eta bere beharrak jarriko dituen espazioa ireki du udalak. Lan hau gauzatzeak ahalegin handia ekarri du antolaketari dagokionez. Fisikoki zortzi udal-sail tokia aldatu dute. Zerbitzu filosofiara eta garai berrietara egokitzea apustu handia izan da teknologiaren alorrean. Eta, azkenik, lan eskerga egin da udal prozedurak arrazionalizatu eta aldatzeko, beti ere errenteriarren hobe beharra gogoan.

ZU! Zure Udala

Flickr Album Gallery Powered By: Weblizar