Ekitaldiz betetako hilabetea aurkeztu dute emakumeen nazioarteko egunaren harira

Egitaraua osatzen parte hartu duten eragileetako ordezkariak, eta Berdintasun zinegotzia.

Badator martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko eguna, eta honen harira Errenteriako Udalak, hainbat emakume talde eta talde feministek Berdintasun Kontseiluarekin batera egitarau zabala antolatu dute. Martxoaren 1ean hasi, eta 27ra arte luzatuko dira eragile desberdinek antolatutako ekintzak. Horien artean martxoaren 8rako antolatuta dagoen emakumeen greba nabarmendu dute udaletik. Errenteriako Udaleko talde politiko guztiek babesa eman diote deialdi horri, eta parte hartzera animatu dituzte herriko emakumeak.

Martxoaren 8ko greba eta Mariasun Landa Sariak

Bihar bertan hasita eta martxoaren 27a bitarte, mota anitzetako ekintzak proposatzen dituzte; hitzaldiak, zinea, erakusketak, antzerkia…; betiere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen jabekuntza bultzatzeko helburuarekin. Garazi Lopez de Etxezarreta Berdintasun zinegotziak aurkeztu du egitaraua herriko hainbat elkartetako ordezkariekin batera. Egitarau aberatsa dela esan du, baina “bi aipamen berezi egin nahi ditugu. Alde batetik, aurtengo martxoaren 8a berezia izango da, 170 herrialde baina gehiagotan greba deialdia luzatu delako. Gurean, mugimendu feministak emakume guztiok planto egin eta grebara deitu gaitu. Deialdi honekin bat eginaz, Errenteriako Udalak, aho batez, deialdia babestu eta herriko emakume eta udaleko langile guztiak greban parte hartzera animatze

M8ko aurtengo kartela

n ditu eta herritar guztiak egun horretarako deituak dauden deialdietan parte hartzera”.

Beste alde batetik, martxoaren 10ean, VIII. Mariasun Landa Sarien Banaketa ere nabarmendu du. “Errenteriako emakumeek herriari egindako ekarpena balioan jartzeko helburuarekin martxan jartzen dira sari hauek. Aurten, deialdi berezia egin da gerra garaiko emakumeen historiak berreskuratzeko. Aurten, gainera, berrikuntza gisa Pleno Aretoan izango da ekitaldia, 13:00etan”.

Horiez gain ekintza gehiago ere badaude eta zehaztapen guztiak bilduta daude jarraian dagoen programazioan. Horrez, gain zenbait taldek egitarau propioa ere landu dute. Egitaraua:

  • Martxoak 1
    • SOLASALDIA: Mundutik begira dezagun; 17:30-19:30, Merkatuzar.
    • EMAKUMEEN XIV. ZINE EMANALDIA: Figuras Ocultas; 18:00 Niessen Kulturgunean; sarrera doan; antolatzailea: Amalatz Talde Feminista.
  • Martxoak 4
    • ANTZERKIA: Mila Ezker. Hamaika buelta antzerki taldea: 19:00 Niessen Kulturgunean; sarrera doan; antolatzailea: Kolpe Morea.
  • Martxoak 7
    • JAIALDIA: aurtengo leloa Emakumeen eskubideetan aurrera eta atzerapausurik ez! Cada época un propósito, cada escalón un logro; 17:30 Galtzarabordako kiroldegian; antolatzaileak: auzoetako emakume elkarteak.
    • MAHAI-INGURUA: Munduko Baratza: nekazaritza eta feminismoa, Euskal Herria eta Ekuador uztartuz. 19:00 Xenpelar etxea; antolatzailea: Munduko Baratza
  • Martxoak 7-27
    • ERAKUSKETA: Fotosintesia, Ainara Lasa; 17:00-20:00 Xenpelar Etxea; Inaugurazioa: Martxoak 9, 19:00
  • Martxoak 8
    • Emakumeok planto! (greba deialdia)
      • 11:30: kotxe karabana Pontikatik
      • 12:30: manifestazioa Herriko Plazatik
      • 14:00: bazkaria Txintxarri Elkartean. Txartelak Arkaitza tabernan hartu behar dira.
      • 17:00: tribial feminista Txintxarrin.
      • 19:30: manifestazioa Herriko Plazatik
        • Ekintzen antolatzailea: Oreretako Asamblada Feminista
  • Martxoak 9
    • ERAKUSKETAREN INAUGURAZIOA: Fotosintesia, Ainara Lasa; 19:00, Xenpelar Etxea.
  • Martxoak 10
    • VIII. MARIASUN LANDA SARIEN BANAKETA: 13:00 Pleno Aretoan; antolatzailea: Berdintasunerako Kontseilua
    • ANTZERKIA: 39 GRIETAS; Ipsofacto konpainia; 20:00 Niessen Kulturgunean; sarrera:10€
  • Martxoak 15
    • EMAKUMEEN XIV. ZINE EMANALDIA: Dokumentala: Raketistak lehen eta orain; 18:00 Niessen Kulturgunean; sarrera doan; antolatzailea: Amalatz Talde Feminista
  • Martxoak 22
    • EMAKUMEEN XIV. ZINE EMANALDIA: Bar Bahar; 18:00 Niessen Kulturgunean; sarrera doan; antolatzailea: Amalatz Talde Feminista

Auzoetako emakume elkarteen jaialdia aurten martxoaren 7an

Amalatz taldeko Nati Rufok eta Fani Herradorrek Emakumeen XIV Zine Emanaldiaren berri eman dute. Antolatuta dituzten hiru emanaldien xehetasunak ikusteko klikatu hemen. Oreretako Asanblada Feministak martxoaren 8ko plantorako antolatu dituzten ekintzak ere aurkeztu dituzte Amalatzekoek. Plantoarekin bat egiteko moduen berri ere eman dute, eta eskuorrian ikus daitezke.

Juan Diego Ramosek, Menpe eta Ipsofacto produccionesen izenean hitz egin du. 39 grietas antzezlanak genero indarkeria oinarri duela azaldu du, kontzientzia hartzeko balio duela esan du. Antzerkirako sarrerak Aker eta De Cine Reyna tabernetan eta Niessen kulturguneko bulegoan har daitezkeela erantsi du.

Azkenik, Ana Sueirok hitz egin du auzoetako emakume elkarteek antolatutako jaialdiari buruz. Aurten martxoaren 7an egingo dute, 8an plantoa dagoelako. Sueirok azaldu du emakumeen berdintasunaren alde mobilizazioak eta abar antolatuz lan egin daitekeela, baina jaialdi baten bitartez ere borroka daitekeela. Hala, jaialdia antolatzeko prestaketak, ikasi beharrekoak eta abar baloratzeko eskatu du. Azkenik herritarrei parte hartzeko deia egin die, guztiek momentu on bat pasatzeko helburuarekin.