‘Emakumea eta Kirola Errenterian’ erakusketa ikusgai dago Galtzarabordako kiroldegian

Errenteriako Kiroletako azpisailak erakusketa berri bat antolatu du Galtzarabordako udal kiroldegiko hallean, martxoaren 8aren eta Errenterian emakumezkoen kirolari buruz egingo diren ekitaldien harira. Erakusketak jasotzen duen argazki bildumak emakumezkoen kirola ikustarazi eta ezagutzera eman nahi du.

Emakumezkoen kirolak garrantzia handia du Errenterian, eta Errenteriako kirol instalazioetan harpidetuta dauden pertsonetatik %50,52 emakumezkoak izateak garbi erakusten du hori. Portzentaje hori are handiagoa da programatutako ikastaroetan parte hartzen duten emakumezkoen kopurua kontuan izanez gero, %81,55 baitira parte-hartzaile emakumezkoak.
Parte-hartze herrikoia dagoen kirol probetan ere emakumeen presentzia handiagotu egin da. Hori horrela, azpimarratzekoa da Errenteriako Atletismo Taldeak antolatzen duen San Silbestre proba; izan ere azkeneko edizioan parte-hartzaileen %36,72 emakumezkoak izan dira.

Kirol federatuari dagokionez, Errenterian ekipoka praktikatzen diren kirol nagusietan 2016/2017 denboraldian emakumezkoen ekipoen portzentajea hau izan da: futbolean %17,86, saskibaloian %53,33 eta eskubaloian %47,83. Eskola Kirolaren kasuan, parte-hartzaileen %30 inguru neskak dira.

Horrez gain, ezin dugu ahaztu Errenteriako hiru kirolarik parte hartu dutela Joko Olinpikoetan: Ane Santesteban, Sara Carracelas eta Yolanda Martín, hain zuzen ere.
Era berean, 2017an Errenteria Emakumeen Euskal Bira emakumezkoen txirrindularitza probaren egoitza izan zen. 16 emakume taldek parte hartu zuten eta esan beharra dago arrakasta handia izateaz gain kirola gizartea eraldatzeko elementu den gizarte parte-hartzaile baten aldeko apostua egin zela. Era horretan, argi geratu da udalak emakumezkoen kirolaren alde egindako laguntza, genero berdintasunean aurreratzeko asmoz.

Erakusketa hau 2018an egingo den erakusketa sortaren lehenengoa izango da, eta jarraipena ematen dio 2017ko denboraldian elkarte batzuen inguruan egindako beste batzuei, hala nola Mindara Elkartea, Oarsoaldeako Eskola Kirola eta Urdaburu Mendizale Elkartea.