Juneren Hegoak elkarteak 4.000 mila euro eman ditu minbizia duten haurren infekzioak ikertzeko

argazkia: Juneren Hegoak elkartea

Juneren Hegoak elkarteak, Euskal Herriko Pediatria elkartearekin batera, II. June Sanchez Tolaretxipi Beka eman dio Itziar Astigarraga Aguirre ikerlariari. 4.000 euroko beka da, minbizia duten haur eta nerabeek izaten dituzten infekzioen diagnostikoa egiteko markagailuak aztertzeko. Ikerketa aktibatu ahal izateko balioko du jasotako diruak. Itziar Astigarragak, Susana García Obregón biologoarekin eta bere taldearekin batera, garatu du irabazle izan den proiektua.

Bekaren xedea haur onkologiaren alorreko ikerketarako diru-laguntzak eskaintzea da. Ikerketa-lan horiek diziplina horretako edozein alderdi jorra dezakete, eta diagnostikoan, jarraipenean edota tratamenduan ekarpenak egitea da helburua. Hobesten dira gaixotasunaren jatorria, faktore iragarleak eta tratamenduak ikertuko dituzten proiektuak. Era berean, gaixo onkologikoaren bizitza-kalitatea hobetuko duten teknika diagnostikoen naiz terapeutiken ikerkuntzara bideraturiko proiektuak  ere aintzat hartzen dira.

Irabazleari saria emateko ekitaldian, parte hartzaile guztiek ikertzaileen lana eta ikerketen beharrak azpimarratu zituzten. Carlos Sánchez Juneren Hegoak elkartearen lehendakariaren hitzetan: “Ikerketarik gabe itxaropenarik ez dago, eta itxaropenarik gabe etorkizunik ere ez dago”.

Bere partetik, Javier Kortak ikertzaileen lana goraipatu zuen: “Momentu honetan dauden ikerketak garatzeko dirulaguntzak urriegiak dira, batez ere administrazioak emandakoak. Eta bai Juneren Hegoak eta bai beste elkarte batzuen laguntzagatik aukera dago ikerketak aurrera eramateko. Profesionalen ahalegineei esker ere garatu daitezke proiektu hauek”.

Bukatzeko, Itziar Astigarragak eta Susana Garcíak euren lanen ardatzak azaldu zituzten: “Minbizia pairatzen duten haur eta nerabeen heritoza eragiten duten faktoreen artean, infekzioak dira nagusienak; beraz, infekzioen jatorria jakiteak lagunduko du heriotza hauek saihesteko.”

Juneren Hegoak elkartearen helburua Gipuzkoako familientzat laguntza sarea sortzea da. Zehazki, haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzean kalteberatasun egoeran dauden Gipuzkoako familiei zuzenduta dago elkartea.