Dagoeneko %60tik gora dira Errenterian gaika berreskuratutako hondakinak

Ingurumena | Jasangarritasuna 2018-03-07 | 0

Jose Cruz Legorburu eta Bernar Lemos hondakinen datuak emateko agerraldian.

2017ko azaroan hondakinak gaika biltzeko udal sistema berria ezarri ondoren, 2018ko urtarrilean, gaikako bilketa %62,2ko zifrara iritsi da, eta hori herritarren jarrerari esker gertatu dela nabarmendu du udalak, “herritar ekoaktiboei esker”.

Herritar ekoaktiboei esker

Hondakinak gaika biltzeko sistema berria ezarrita, udalak %60ko kopurura iristea jarri zion lehen helburu bere buruari, eta azarotik urtarrilerako bidea eginda, %62,2ko “zifra harrigarria” lortu delako pozik agertu dira Bernar Lemos Hirigintza eta Hiri Mantenuko zinegotzia eta Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotzia. Orain arte lortutako emaitzagatik pozik azaldu dira, baina argi utzi dute datu horietara iristea ezinezkoa izango zela “herritarren inplikaziorik gabe”. “Horregatik, herritarrak zoriondu ditugu, herritar ekoaktiboak, eta haiek egindakoa balioan jarri nahi dugu” adierazi du Lemosek. Oraindik ere hobetzeko tartea badagoela  esan dute, eta horretan jarraituko dutela, besteak beste, neurri berriak ere martxan jarriz, bolumen handikoen bilketa kasu.

Errenteria 2025 Plan Estrategikoak ezarritako lan ildoetako bat zen birziklatzean eta baliabide naturalak modu eraginkorrean aprobetxatzean oinarritutako hiri-eredurantz aurrera egitea. Udalaren xedea da Europar Batasunak, hiri-hondakinak kudeatzearen inguruan zehaztutako helburuak betetzea eta, ahal den neurrian, gainditzea.
Hondakinak kudeatzeko sistema zaharraren bitartez, gaikako bilketa %31,8koa besterik ez zen 2014. urtean. Geroago, 2015ean borondatezko edukiontzi marroia jartzearekin, %42,3ra iritsi zen eta kopuru horretan jo zuen goia birziklatzeak. Orain, 2017ko azaroan hondakinak gaika biltzeko udal sistema berria ezartzeak ahalbidetu du, 2018ko urtarrilean, gaikako bilketa %62,2eko zifrara iritsi izana.

Europako helburuak beteta

Hondakinak biltzeko sistema berriak ekarri duen berrikuntzarik handiena izan da edukiontzi marroiak (hondakin organikoak) eta grisak (errefusa, birziklaezina) txartel elektroniko baten bidez zabaltzen direla. Txartel hori etxebizitza eta jarduera ekonomiko guztietan banatu zen. Biltzeko sistema berriaren xedea da berreskuratze portzentaje altuak lortzea lehengaien eta gai naturaletan, birziklatuak eta berrerabiliak izan daitezen eta, aldi berean, xahutuak izan ez daitezen.

Helburu horiek lortzeko bidea da errefusa edo hondakin frakzioa murriztea; hau da, gaur egun birziklatu ezin ditugun hondakinak biltzen dituen frakzioa murriztea. Udalak 2013an egindako azterlanaren arabera, gure zabor poltsetako %5 baino ez da birziklaezina; gainerako %95a, berriz, berrerabili daiteke.

Hori horrela, birziklatze tasa %62,2koa izanik, Errenteriak gainditu du indarrean dagoen 2020rako europar batasunaren helburua, Gipuzkoan jendetsuagoak diren Donostia eta Irun bezalako hirien tasa hobetuz. Europako Batasuneko 28 estatu kideen artean, Alemaniak bakarrik hartuko liguke aurrea, 2016an lortutako %66,1eko tasarekin.

Errenteriako Udalak datu horiek lortu izana ospatzeko, eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie herritarrei, etxebizitzetako nahiz merkataritzako hondakinak birziklatze aldera, egin duten ahaleginagatik eta erakutsitako inplikazioagatik. Ildo horretan, gogoratu behar da aurten ere hobaria izango dutela birziklatze sisteman aktiboki parte hartzen dutenek.

Neurri berriak Errenteria hiri garbiagoa eta osasungarriagoa lortzeko asmoz

Adierazi beharra dago Udala beste neurri batzuk lantzen ari dela Errenteria hiri garbiagoa izan dadin. Neurri horien artean nabarmentzen da altzariak eta bolumen handiko hondakinak biltzeko sistema; hain zuzen ere, maiatzean martxan egotea espero den sistema.

Orain arte auzo bakoitzean astegun bakarra zegoen ezarrita altzariak eta bolumen handiko hondakinak uzteko. Sistema berri horren bitartez, ordea, erabilgarri egongo den telefono zenbaki batera deitu beharko da eta bilketa zerbitzukoak atarian bertan jasoko dituzte altzariak nahiz bolumen handiko hondakinak.

Neurri horien bidez erraztuko zaie herritarrei horrelako hondakinak modu erosoago batean kudeatzea eta, horren ondorioz, pixkanaka pixkanaka lortuko da hiri-paisaia garbiagoa izan dadin.

Ingurumen zinegotzi Jose Cruz Legorbururi Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa:

 

No comments yet.

Utzi erantzuna