Astelehenetik aurrera eman ahal izango da izena Udako Oporrak programan, baita internet bidez ere

Ezkerretik, Eñaut Gracia eta Itziar Ostolaza zinegotziak eta Ibai Narbarte koordinatzailea aurkezpenean.

Astelehenean, martxoaren 12an, irekiko da Udako Oporrak 2018 programan izena emateko epea, eta aurten  berrikuntza garrantzitsu batekin dator izena emateko prozesuari dagokionez: tramite osoa online egitea ahalbidetuko duen plataforma telematikoa erabiltzeko aukera izango da astelehenetik aurrera. Izen-ematea aurrez aurre egin nahi dutenek, berriz, ZU! zerbitzura joan beharko dute. Eskaintzari dagokionez, urteroko moduan, txikienentzat udaleku irekiak eta gaztetxoentzat kanpamenduak eskainiko dituzte.

Udako Oporrak 2018 programan izena emateko epea martxoaren 12tik 23ra izango da, eta Errenterian erroldatutako haur guztiek parte hartu ahal izango dute. Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziak eta Eñaut Gracia Informazioren Gizartea eta Herritarren Partehartze zinegotziak eskaini dituzte xehetasunak, Ibai Narbarte udalekuen koordinatzailearekin batera.

Etxetik izen-emate prozesu osoa egiteko aukera

Aurtengo Udako Oporrak programak duen berrikuntzarik nagusiena izena emateko modalitate berriei lotuta dator. Udalak ZU! Zure Udala ireki berri du duela egun gutxi, administrazioa herritarrari egokitzeko bidean beste pausu bat emanez. Zentzu horretan, eta herritarra jardun administratiboaren erdigunean kokatzearen filosofiari jarraituz, pausu gehiago ematen jarraituko du Udal honek, Eñaut Graciak azaldu duenez. Horren adibide da aurtengo Udako Oporrak 2018rako aurrera eraman den garapen informatikoa.

Garapen informatiko honi esker herritarrak izena ematea eta ordainketa telematikoki egin ahal izango du oso modu erosoan, etxetik mugitu gabe tramite osoa. Izen-emate hauek telematikoki gazteria.errenteria.eus web orriaren bitartez egin ahal izanen dira astelehenetik aurrera. “Helburua gurasoei izena emateko prozesua erraztea izan da, presentzialki joateko beharrik izan gabe, desordutan ibili gabe, edo tramitea egiteko lanean baimenak eskatzen ibili beharrik izan gabe”, adierazi du Graciak.

Hala ere, udalekuetan izena emateko tramitea aurrez aurre egin nahi duenak aukera izango du ZU! zerbitzuan. Horretarako inprimakia gazteria.errenteria.eus helbidean eskuratu daiteke eta aurkeztu beharreko dokumentazioa Zu! Zerbitzuan (Herriko Plaza 1) aurkeztu behar da. Ordutegia ondorengoa izango da: astelehen, asteazken eta ostirala 7:30 – 15:00 eta astearte eta ostegunak 7:30 – 20:00.

Oporretan ere aisialdi hezitzailearen aldeko apustua

Itziar Ostolazak, bere aldetik, ondoko adierazi du: “Errenteriako Udalak herri hezitzailea eraikitzea du xede eta horretan jarduten du urtean zehar, programa ezberdinetan hezkuntza parekide, euskaldun, parte-hartzaile eta inklusiboa garatuz. Jakitun gara haurrak direla gure herriaren oraina eta orainean aisialdiaz gozatzeko herria dela eskaini nahi dieguna. Baina, era berean, jakitun gara oraingo haurrak izango direla etorkizuneko Errenteria eraikiko dutenak eta zein garrantzia duen orainean balore eraikitzaileetan hezteak”.

Erronka handia dela azaldu du, eta  “helburu horrekin osatu dugu aurtengoan ere Udako oporren eskaintza”.

Udalekuak eta kanpamenduak

Aurreko urteotan bezala, bi programa izango dira: batetik, udaleku irekiak, Txikiak eta Udalekuak izeneko azpi-programetan bereizita, adinaren arabera; eta bestetik, kanpamenduak.

Txikiak eta Udalekuak programetan izena eman dutenen artean ez da zozketarik izango, alegia, izena eman duten haur guztiek izango dute modalitate horietan parte hartzeko aukera. Bi kanpaldien kasuan, aldiz, plazak mugatuak izango dira eta zozketa egingo dute.

Iazko bideari jarraiki, haurrek eskolak bukatzen dituztenean hasi (ekainak 25) eta Madalenak arte (uztailak 21) izango dira udalekuak. Bi asteko txandak osatuko dituzte.

Prezioak hauek dira:
Txikiak: 41,30€
Udalekuak: 51,50€
Kanpamenduak: 206,00€

Bestetik, gogorarazi nahi dugu hobariak izango dituztela familia ugariek eta seme-alaba bat baino gehiago izena ematen duten familiek. Aurten ere, behar bereziak dituzten haurrei arreta emateko hezitzaileak kontratatuko dira.

Animatu dituzte Errenterian erroldatutako edota bertako ikastetxeetako ikasle diren haurrak Udako oporren programan parte hartu eta herriko beste haurrekin batera aisialdi hezitzaileaz gozatzera.