Errenteria Musikalen izena emateko epea martxoaren 12tik 23ra izango da ikasle berrientzat

Errenteria Musikalek 2018-2019 ikasturterako matrikula prozedurarako epea zabalduko du datorren astean. Lehen aldiz matrikulatu nahi duten ikasleek plaza eska dezakete martxoaren 12tik 23ra. Dagoeneko ikasle direnen kasuan prozedura desberdina izango da, eta pdf-an ikus daiteke. Tramiteak Errenteria Musikaleko bulegoetan bertan egin behar dira. Hobariekin hasitako bidean aurrerapausoak ematen ari dira. Halaber, dantza arloan berrikuntzak izango dira datorren ikasturtean, eta haurren gaitasunaren arabera taldekatuko dituzte ikasleak, adin tartea bigarren plano batean utziz. Diziplina desberdinei buruzko informazioa eskuorrian dago.

Dagoeneko Errenteria Musikaleko ikasle direnen kasuan, matrikulazioa, martxoaren 12 eta 13an taldekako ikasgaien ordutegien argitalpenarekin hasiko da eta instrumentu ordutegien aukeraketa apirilaren 9tik 20ra izango da. Aurtengo proposamena tasak eta hezkuntza eskaintzari begira, aurreko ikasturtearekin alderatuz hobetzen dela azaldu dute Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteria Musikaleko lehendakariak eta Jokin Sukuntza zuzendariak.

Dantza arloan gaitasuna adinaren aurretik

Hezkuntza eskaintza aldetik, berrikuntza nagusiena dantza arloan emango da. Bertan, dantzako irakasleekin batera egindako lanketa baten ondorioz, datorren ikasturtetik aurrera, maila bakoitzean dauden ikasleak beraien garapen eta gaitasun arabera taldekatuko dira ikasturteak desagertuz. Orain arte adin tartea nagusitzen zen, baina irizpide hori bigarren plano batera pasako da haurren gaitasuna gailenduz.

Hobarietan ere aurrerapausoak

Hobarien inguruan, datorren martxoaren 13ko Errenteria Musikaleko Gida Batzordean onartzeko eramango dituzten proposamenak honako hauek dira:

  • Oinarrizko errenta edo larrialdiko laguntza jasotzen dutenak
    • Bizikidetza-unitateko edozein kidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (lehen Oinarrizko Errenta zena) edo Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen badu, % 100eko hobaria aplikatuko da. Aurkeztu beharreko dokumentuak:
      • Elkarbizitza ziurtagiria (udalan eskatu beharrekoa)
      • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen badu, Lanbidek emandako ziurtagiria
      • Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen badu, markatu matrikula-inprimakian berariaz gaitutako laukitxoa eta Gizarte Zerbitzuetan kontsulta egiteko baimena sinatu.
    • Aipatutako dokumentuak matrikula gauzatzean aurkeztu behar dira eta ez da matrikula erreserba ordaindu behar.
  • Bizikidetza-unitateak ondorengo taulan adierazitakoak baino sarrera gutxiago izatea (2017an)
    • Kontuan izango da ikaslea agertzen den elkarbizitza ziurtagirian adierazten diren adin nagusiko guztien urteko zenbateko gordinaren batura. Aurkeztu beharreko dokumentuak:
      • Elkarbizitza ziurtagiria (udalean eskatu beharrekoa)
      • 2017ko PFEZ zergaren aitorpena, elkarbizitzako ziurtagirian aipatutako adin nagusiko pertsona bakoitzarena.
      • PFEZ zergaren aitorpena aurkezten ez duen adin nagusiko pertsona, derrigortua ez dagoen Ogasuneko ziurtagiria eta informazio fiskala aurkeztu beharko du, biak 2017koak.
    • Elkarbizitza ziurtagirian ageri diren kide guztien dokumentu guztiak aurkezten ez badira, ez du ahalbideratuko hobaria tramitatzea.
  • Instrumentu hauetarako tasa murriztua: kontrabaxua, tuba, bonbardinoa, biola eta oboea.
    • Musika taldeak sor daitezen helburuarekin eta taldeetan dauden gabeziak aztertu ondoren, 2018-2019 ikasturtean kontrabaxu, tuba, bonbardino, biola eta oboeko ikasgaietan matrikulatzen diren adingabeei %100ko hobaria aplikatuko zaie,  soilik aipatutako instrumentuen ikasgaian eta lehen hiru ikasturte akademikoetan.
    • Hobari hori baliatzen duen ikasleak ezingo du instrumentua aldatu lehen 3 ikasturte akademiko horietan.
  • Errenteria Musikalen entitate kolaboratzaileekin  parte hartzen duten ikasleak (Entitate kolaboratzailea, Errenteria Musikalekin hitzarmen bat sinatua duena da)
    • Matrikula osoaren % 50eko hobaria aplikatuko zaie III. maila gainditu duten edo ikasketa profesionalak egiten ari diren eta entitate kolaboratzaile horien dinamikan jarraiki parte hartzen duten ikasle adingabeei.
    • Hobari hau ikasturte amaieran gauzatuko da entitate kolaboratzaileek txostena aurkeztutakoan, eta tramitatu eta aldeko txostena egin ondoren aplikatuko da.
  • Ikaslearen Bizikidetza Unitatearen adin nagusiko pertsona bat edo gehiago matrikulatzen direnean:
    • Bizikidetza unitatearen barruan musika eta dantza heziketaren elkar bizipen eta belaunaldi artekoa sustatzeko helburuarekin, %50eko hobaria aplikatuko zaio ikaslearen bizikidetza unitatearen adin nagusiko matrikulatzen den kide bakoitzari.

Informazio bilerak martxoaren 15ean

Bestalde, iragartzen dugu martxoaren 15ean informazio-hitzaldiak emango direla ikastegi honetan eskaintzen den formazioari buruz: 18:30ean musikari buruzkoa eta 19:15ean dantzari buruzkoa.