Basoen nazioarteko eguna

AÑARBEKO BASOA, ERRENTERIAKO NATUR-ONDARE BALIOTSUENA

2012an Nazio Batuek martxoaren 21a BASOEN NAZIOARTEKO EGUNA izendatu zuten. Ekimen horrekin mota guztietako basoen garrantziari omenaldia egin nahi zaie eta herritarren artean sentsibilizazioa indartu. Era berean, tokiko erakundeak baso eta zuhaitzen aldeko elimenak antolatzera animatu nahi dira. Aurtengo lema “Basoak hiri jasangarriagoak lortzeko” izango da.

Askotarikoak dira zuhaitz eta basoei esker lortzen ditugun onurak, besteak beste:

-Karbonoa finkatzen dutenez, aldaketa klimatikoak eragindako kaltea murrizten dute.

-Bertako klimaren erregulazioan laguntzen dute, neguan berogailu beharra murriztuz eta udan aire girotuarena.

-Aire-poluzioaren filtro modura jarduten dute.

-Kutsadura akustikoa murrizten dute.

-Uraren zikloaren erregulatzaileak dira, uraren kalitatea bermatuz.

-Bioaniztasunaren gordailuak dira, espezie askori bizilekua, janaria eta babesa emanaz.

-…

Garrantzitsuak dira herritarren bizi-kalitatea hobetzeko hirigunean ditugun zuhaitzak eta baita landa ingurunean daudenak ere.

 Añarbeko basoa, etxe ondoan daukagun altxorra

2009 urtean, udalerriko natura-eremu honen balioaz jabeturik, Udala erreserba-eremu izendatu zedin urratsak ematen hasi zen, eta egun, Añarbeko eremuaren zati baten jabe den Donostiako Udalakin batera, eremu honen balioa ezagutarazten ari da. Izan ere, Errenteriako Udala Añarbeko basoaren 910 hekateraren jabe da.

http://ingurumena.errenteria.eus/index.php/eu/ingurumen-gaiak/bioaniztasuna/60-anarbe-baso-erreserba

Aiako Harria Parke Naturalaren Añarbeko Baso Erreserba eta Kontserbazio Bereziko Eremua ezagutarazteko, 2013. urtean, Añarbe Baso Erreserba, basoak eta urak bat egiten duen eremua kanpaina abian jarri zuten Donostiako eta Errenteriako Udalek eta Añarbeko Uren Mankomunitateak. Prentsa artikulu eta iragarkiez gain, ibilbide gidatuak antolatu dituzte.

Eskaintza berezia Errenteriako ikastetxeentzat

Errenteriako Udalari esker, herriko ikastetxeek Añarbeko basoa ezagutzeko irteera gidatuak doan egiteko aukera dute ikasturte honetan ere. Iazko maiatzean hasitako programa honi esker Errenteriako 700 ikasle baino gehiagok izan dute aukera Añarbeko basoa hurbiletik ezagutzeko eta gozatzeko.