Auzo-konpostaje guneetako ikuskaritza izango da martxoaren 27an

Ingurumena | Jasangarritasuna 2018-03-22 | 0

Hurrengo asteartean Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko 6 guneetara hileroko jarraipen-bisita egingo du Udalak. Lanok Errenteriako Udalak bultzatutako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzokonposta egiten nola etxeko konposta egiten, zaborraren tasan %30eko hobaria aplikatzen zaie.

Auzokonpostaren ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta, aurreko jarraipen-bisiten antzera, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño (lehenik Arramendi igoeraren hasieran kokatuta dagoen gunea eta ondoren, Gaztaño 44 zenbakiaren parean dagoena) eta Alaberga (auzoko familiek erabiltzeko guneaz gain, Uztargi haur-eskolak ere konposta egiten du). Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Hori dela eta, erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, aldez aurretik 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Aipatu behar da Errenterian auzo-konposta egiteko 6 gune daudela martxan 2014 urteaz geroztik, ondorengo auzoetan:

  • Fanderian
  • Agustinetan
  • Gaztañon 2 gune
  • Alabergan (auzotarrek erabiltzeko gunea eta Uztargi haurreskolan dagoena)

Gune horietan 53 familia ari dira etxeko biohondakinak kudeatzen eta horrez gain, Uztargi haurreskolako haurtxoen nahiz langileen hondakin organikoak ere aintzat hartu behar ditugu. Herritar arduratsu horien inplikazioari esker, familia horiek sortutako biohondakinak Errenterian bertan kudeatzen dira, Europako hondakinen politikaren prebentzioaren eta gertutasunaren printzipioekin bat etorriz. Aipatu du behar da, herritar aktibo horiek egindako lana aintzatesteko asmoz, joan den larunbatean 2 jarduera antolatu ziren, goizean zehar, Agustinetako eta Fanderiako auzokonpostajerako guneetan. Horrela, lehenik Agustinetan, bertaratu ziren herritarrekin orain arte emandako pausoak gogora ekartzeaz gain, bertatik ateratako kalitatezko konposta eskura dutela azaldu zitzaien. Ondoren, Fanderiako gunera hurbildu ziren herritarrei auzokonpostaren pausoak azaldu genizkion eta konposta banatu genien, baratzean nahiz lorategietan ongarri natural moduan erabili dezaketena.

Oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, lehen aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.

Etxean konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die Udalak, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez eta intzidentzien inguruko informazioa jasoaz. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero edo herritarren batek etxean konposta egin nahiko balu, honako posta elektronikora idatz dezake: etxekonpostae@errenteria.eus.

No comments yet.

Utzi erantzuna