Atlantikaldiak aurtengo ediziorako proposamenak bidaltzeko epea zabaldu du

  • Apirilaren 9tik maiatzaren 11ra bidali ahal izango dituzte herritar zein eragileek aurtengo ediziorako beraien proposamenak.
  •  Sorkuntza artistiko ezberdinak ardatz dituzten ekimenak eta itsasoarekin zerikusia duten proposamenen bila ari da antolakuntza batzordea.

Eragileen proposamenek elikatzen dute Atlantikaldia jaialdiaren programazioa. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren parte-hartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu nahi du jaialdia.

Proposamenak baloratzeko garaian, antolakuntza batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: urtean zehar antolatutako ohiko ekitaldien errepikapena ez izatea, hots, berrikuntza bat barneratzea; parte-hartzea sustatzea, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutako ekimena izatea; itsasoa ardatz hartuta sortutako ekimena izatea eta kaletarra, topagune izatea.

Proposamenak aurkezteko epea 2018ko apirilaren 9tik maiatzaren 11ra arte egongo da zabalik, bi egun horiek barne. Dokumentazioa online aurkeztu behar da, webgunean dagoen eskaera-formularioaren bitartez.

Behin Atlantikaldiak proposamenen balorazioa egin eta gero, maiatzaren 9tik ekainaren 9ra bitartean igorlearekin jarriko da harremanetan antolakuntza batzordea.

Informazio eta argibide gehiagorako eko.atlantikaldia@errenteria.eus helbide elektronikoa abian jarri du Atlantikaldiak.

Itsas Korronteak: Aurtengo leloa
Jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez, “garai bateko marinelen antzera, itsasoa ulertu eta bere baitan duen indarraz baliatuta egin beharko genuke aurrera, elementuei bizkarra eman beharrean, elkarren artean lagunduz. Itsas korronteak izan ziren munduarekin konektatu gintuztenak eta munduarekin dugun loturak inoiz baino handiagoa dirudienean, konexio hau inoiz baino azalekoagoa da. Atlantikaldiak bere ekarpena egin nahi du zentzu honetan, herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremana sendotuz”.

Hortik sortu dute aurtengo lelo izango den Itsas Korronteak kontzeptua: “itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte… baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere, itsaso horretan eragin nahi du”, esan dute.