Udalak inbertsio berriak egingo ditu, bi miliotik gorako altxortegiko soberakinari esker

Aurten ere Errenteriako Udalak egoera ekonomiko saneatuarekin eta aurrezki handiarekin itxi du ekitaldia eta aurreikusi ez ziren jarduketak burutu ahal izango ditu. Soberakinaren zati handi bat erabiliko da 2025 Plan Estrategikoko proiektuak burutzeko eta gobernu-taldeak aurkeztutako Legegintzaldi Plana betetzeko.

Proiektu estrategikoen artean azpimarratzekoak dira Fanderiako errotako Interpretazio Zentroaren bigarren fasea, kirol instalazioak hobetzeko hainbat proiektu, Barandiaran parkeko lurpeko aparkalekuaren proiektuaren eta obra zuzendaritzaren idazketa, edo Beraungo kultura-etxearen ekipamendua.

Aipatutako soberakinetik 385.000 € bideratuko dira Fanderiako Interpretazio Zentroaren bigarren faseari ekitera. Fanderian beste bi inbertsio ere egingo dira: alde batetik, igerilekuko klimatizagailuak aldatuko dira, 230.000 euroko inbertsioarekin, eta, bestetik, frontoiaren pista berrituko da, aurrekontuko partidari 75.000 € gehituta soberakinetik.

Galtzarabordako kiroldegirako bi partida gehituko dira soberakinetik. Alde batetik, 80.000 € bideratuko dira kiroldegia handitzeko; eta, bestetik, 87.000 € erabiliko dira kirol-pistako argi-zuloak aldatzeko.

Halaber, soberakinetik 23.000 euroko partida bat gehituko zaio Europako Gizarte Funtsak Gazte Enpleguko Programaren baitan Errenterialan proiekturako emandako 267.000 euroko diru-laguntzari. Don Bosco eta Oarsoaldea Eskualdearen Garapenerako Agentziarekin lankidetzan burutuko den proiektu horren baitan, prestakuntza-jarduerak antolatuko dira herriko 16 eta 30 urte arteko gazteen enplegagarritasuna eta gaitasun profesionalak sendotzeko; 50 pertsonari emango zaie prestakuntza.

Azkenik, zati bat ezustekoetarako gordetzeaz gain, eta zerbitzuak hobetzearen aldeko apustuarekin jarraituta, proiektu hauez gain hainbat jarduketa burutuko dira herritarrek irisgarritasunaren eta bizi-kalitatearen inguruan egindako eskaerei erantzuteko; herriko komun publikoen sarea zabaltzen jarraituko dute, 70.000 eurorekin; 200.000 € gehituko dira mantenuko eta hobekuntzako lanak burutzeko partidan eta, adibidez, kudeaketara eta gardentasunera beste 28.000 € bideratuko dira ZU! herritarren arreta zerbitzuan.