Alkateak bisita egin dio larriki gaixo dagoen Mikel Arrieta presoari

Errenteriako alkate Julen Mendozak bisita egin dio Mikel Arrietari Algeciraseko kartzelan, martxoko Udalbatzak aho batez onartu ondoren Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorzaren askatasun gabetzearen inguruko mozio bat.

Julen Mendoza Algeciraseko espetxean egon da Mikel Arrietari bisita egin eta lehen eskutik jakiteko zer egoeratan dagoen, bere osasun-egoera kezkagarria dela-eta.

Mikel Arrieta herrikoa da eta 2000 urtetik darama zigorra betetzen, azken boladan Algecirasen. Lehen graduan ari da betetzen zigorra eta, ondorioz, beti isolamenduan egoten da, eta horri gaineratu behar zaio Errenteriatik urrun dagoela. Zehazki, Algeciraseko kartzelan dago, Errenteriatik 1200 km-ra.

Esan behar da Mikel Arrieta larriki gaixo dauden presoen kolektibora pasa dela berriki, Espondilartropia kroniko seronegatiboa baitu. Gaixotasun hori larria, sendaezina eta endekapenekoa da. Egoera horrek eta eragiten dizkion ondorioek eraman dute behin baino gehiagotan bere senitartekoen bisitei uko egitea, oinazea eragiten baitio bisita-eremura joateak ere.

Lehen aldiz aho batez onartu da mozio bat eskatzeko bi pertsona horiek aske utz ditzatela arrazoi humanitarioengatik.

Aitzol Gogorzaren eta Mikel Arrietaren egoera kritikoa denez eta osasuna oinarrizko eskubide unibertsala denez, azken osoko bilkuran aho batez onartu zen mozio bat Errenteriako Udalak bere jarrera azal zezan bi pertsona horien egoeraren inguruan.

Horrelako mozio bat lehen aldiz onartu zen aho batez, alderdi politiko guztien adostasunarekin, eta eskatzen zen nazioarteko estandarrak bete zitzaten eta, oso larri daudenez eta gaitz sendaezinak dituztenez, hirugarren graduko sailkapena eman ziezaieten eta arrazoi humanitarioengatik espetxetik atera zitzaten bi preso horiek.

Alkateak Mikel Arrietari bere osasunaren eta egoera orokorraren inguruko kezka adierazi zion eta, Mikelek bizikidetzaren inguruan burututako ekimenengatik galdetu zion.

Bisita baliatuta, Julen Mendoza alkateak galdetu zion Mikel Arrieta presoari bere osasunaren eta egoera orokorraren berri. Bestalde, Mikel Arrietak interes handia azaldu zuen Errenterian bizikidetzaren inguruan ematen ari diren pausoei buruz.