Udalak Errenteriako Iraunkortasunerako II. Ekintza-Plana onartu egin du

Ingurumena | Jasangarritasuna 2018-04-23 | 0

Martxoaren 20an Errenteriako Tokiko Gobernu Batzardoak Errenteriako Iraunkortasunerako II. Ekintza-planaren (2018-2025) dokumentuari behin betiko onarpena eman dio.

2006ko martxoan Iraunkortasunerako I. Ekintza-plana (2006-2011) onartu zen Udal Osoko Bilkuran. 2012an ebaluatu zen plana azkenekoz eta %54an gauzatua zegoela baieztatu zen. Hori kontuan izanik, Iraunkortasunerako II. Ekintza-planaren osaketarako berrikuspen prozesua abiarazteko beharra mahai gainean jarri zen. Prozesu baten ondorioz, aurten, dokumentuari behin betiko onarpena eman zaio.

II. Ekintza-planaren osaketan azken urteetako lan-ildoen emaitzak izan diren planak kontuan hartu dira, bereziki Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren osaketa prozesutik eratorritako helburu estrategikoak. Ekintza zerrenda osatzeko Udaleko sail ezberdinetako arduradunen ekarpenak barneratu ziren, baina horrekin batera hiriko gizarte-eragileen ekarpenak ere bildu dira dokumentuan, Ingurumeneko Aholku Kontseilua (IAK) barne.

Beste zenbait planek ez bezala, Tokiko Agenda 21aren II. Ekintza-planak edo Iraunkortasunerako II. Plana Estrategikoa izena duen dokumentu honek, esparru anitz biltzen ditu bere baitan: gizarte arloa, enplegua, hirigintza, ingurumena, berdintasuna, etab. Plana 13 lerro estrategikoz, 45 programaz eta 176 ekintzaz osatuta dago.

Informazio gehiago: ingurumena.errenteria.eus

No comments yet.

Utzi erantzuna