Errenterialan programan izena emateko epea astelehenean bukatuko da eta oraindik ere tokiak gelditzen dira

  • 50 gazte lan munduan txertatzea helburu duen programa da Errenterialan

  • Prestakuntza espezifiko hau lan munduak eskatzen dituen profilen araberakoa da, Oarsoaldeko bailarako enpresen eskaera aztertu ondoren diseinatutako programa baita.

Errenterialan programan izena emateko epea datorren astelehenean, hilaren 30ean bukatuko da, eta oraindik ere tokiak gelditzen dira. Programa hau Errenteriako Udalak jarri du abian, Oarsoaldea Eskualdearen Garapen Agentzia eta Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuarekin batera eta 50 gazte lan munduan txertatzea du helburu. Prestakuntza espezifiko hau lan munduak eskatzen dituen profilen araberakoa da, Oarsoaldeko bailarako enpresen eskaera aztertu ondoren diseinatutako programa baita.

16 eta 30 urte artean dituzten 50 gazteri bideratutako enplegu eta formazio plan hau Europako Gizarte Funtsaren aurrekontuetan oinarritzen da batez ere. 291.368 €-ko aurrekontua du eta horietatik % 91,89 aipatutako Gizarte Funtsak jartzen ditu Udalari onartutako dirulaguntza baten bitartez.

Formazio eta enplegu planaren ezaugarriak

Plan honek 4 lan ildo nagusi ditu:

1- Prestakuntza espezifikoa emango da pertsona hauen gaitasun zehatzak handitze aldera.

Modu honetara, 3 ziurtagiri profesional eskainiko dira (titulazio ofizialak) eta bakoitzean sektore bakoitzari dagokion enpresa praktikak egingo dira.

3 ziurtagiri profesionalak hurrengoak dira:

– Ekipo elektronikoen zainketa (680 ordu)

– Kudeaketa-aplikazioetako egiturazko lengoaien programazioa (700 ordu)

– Elektrodo estalizko eta Tig bidezko soldadura (680 ordu)

2- Programako formaziora bertaratzeagatiko diru-laguntzak aurreikusten dira.

Eguneko 9 € ordainduko zaizkie ikasleei bai formaziora bertaratzeagatik, bai eta enpresetan praktika egin bitartean.

3- Zeharkako prestakuntza emanen da. Hau da, prestakuntza espezifikoaz gain, zeharkakoa ere emango da parte hartzaileen gaitasun digitala, autoestimua, taldean lan egiteko gaitasuna, ingelesa, etab. areagotzeko.

4- Programa guztian zehar akonpainamendua egongo da, tutorizazio eta orientazio forman.

Lan lerroak horiek izanik, hainbat dira parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak:

1- 16 eta 30 urte artean izatea.

2- Errenterian erroldatuta egotea, nahiz eta inguruko herritarrek ere izena eman ahal izango duten (lehentasuna Errenteriakoei emango zaie).

3- Langabezian eta Lanbiden izena emanda egotea.

4- Gutxienez Derrigorrezko Bigarren Heskuntza (DBH) titulua izatea.

Programa 2018ko maiatzetik abendua bitartean egingo da.

Izen emateak olibet@oarsoaldea.eus helbidera mezu bat bidaliz, 943510200 telefonora bideratuz, edo 08:30 – 14:00 ordutegian Errenteriako Olibet 6 zenbakiko bulegoetara hurbilduaz egin daitezke. Guzti hau apirilaren 11n hasi eta hilaren 30a arte, biak barne.

Enplegu eta formazio plan hau aurrera eramateko beharrezkoa dela gutxienez 40 pertsonek izen-ematea.