Fanderiako Errota-Ibaiaren Etxea, ateak zabaltzera doa, balioan jartzeko Errenteriako kultura- eta ibai-ondarea

Ingurumena 2018-05-03 | 0

Errenteriako Udalak gonbita luzatu nahi du bere ingurumen- eta kultura-ondarean murgiltzeko, merezi baitu hura ezagutu, kontserbatu eta hobetzea. Protagonista nagusia ibaia da, bai burdinaren industriaren garaian, bai orain, leheneratzeko bidean dagoen ibai-ekosistemarekin, udalerriaren bizi-kalitatearen oinarri baita. Horrela, Fanderiako Errota-Ibaiaren Etxea izango da hiriaren eta bertako herritarren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren sinbolo eta adierazle.

Halaber, eraikin honek aditzera ematen du Errenterian industriak izan zuen indarra eta bilakaera, beti ere uraren indarra baliatuta, XV. mendean (1450) Renteriola burdinolarako energia gisa erabiltzen baitzen. Burdinola hori urteekin bihurtu zen fanderia, errota eta irin- eta pentsu-fabrika, eta 1996an eten zuen industria-jarduera.

Erakusketa-espazioa momentuz eraikinaren beheko solairuan dago eta errota zaharraren ehotzeko eremua eta turbinari dagozkio. Jarduera mistoa da, errota tradizional baten eta ondoren izan zen irin-fabrikaren elementuak baititu.

Fanderiako Errota-Ibaiaren Etxean ezagutu ahal izango dira instalazio honen historia, funtzionamendua eta, batez ere, Errenteriako ibai-ondarea, baloratu eta gozatu beharreko elementua baita.

Ekintza hau jasota dago Errenteriako Oiartzun ibaiaren inguruneko Paisaiaren Ekintza-planean; baita egungo udal gobernu taldeak 2015-2019 legegintzaldi planean hartutako konpromisoetan ere.

Errenteriako Udalak eskerrak eman nahi dizkio Añarbeko Mankomunitateari, bere 50. urteurrenean, ur-horniduran eta -saneamenduan jarduten den erakunde publiko horrek babes finantzarioa eman diolako ibaiaren interpretazio-zentro hau zabaltzeko. Ibaiaren Etxea uraren ziklo integralean funtsezkoa den elementu baten inguruan eraiki da, hain zuzen ere, gure ibai-sarearen inguruan.

ERRENTERIA, IBAIEN ARTEKO UDALERRIA

Urumea ibaia eta bere ibaiadar Añarbe eta Oiartzunen ibilgua dira herriko ur-ibilgurik nabarmenenak. Ibai hauek jaiotzen dira penintsulako lurralderik euritsuenetakoan, kostatik gertu egoteak eta altitudeak laguntzen baitute masa hezeak pilatzen, eta horrek aldi berean prezipitazio ugariak eragiten baititu. Horregatik, ur-ibilgu ugari daude eta Añarbe, Artikutza, San Anton eta Domiko bezalako urtegiak eraiki dira.

Ibai-ekosistema honetan azpimarratzekoa da basoaren paper garrantzitsua. Ibai hauen goi-ibarretan pagadi eta harizti hostotsuak daude eta horiek emaria erregulatu, uren kalitatea bermatu, lurzorua babestu eta mehatxatutako faunarentzako ekosistema bikaina osatzen dute.
Horrela, ibaiak ezinbesteko protagonista dira paisaiaren konfigurazioan, baina, horrez gain, lurraldearen ingurumen-egoeraren adierazle ere badira. Azken hamarkadetan gure ibaiak nabarmen hobetu dira meatzeguneak lehengoratzeari, ur zikinak bildu eta tratatzeari, ibaiertzeko basoa berreskuratzeari eta arrainen migrazioa laguntzeko presak kendu eta egokitzeari esker, adibidez, Fanderiako arrapalan. Jarduketa horiek, basoberritzeekin batera, lagundu dute izokin arrunta itzultzen; ur-ekosistemaren kalitatearen adierazle bikaina.

500 URTE INDUSTRIA ETENGABE BERRITZEN

1450: Renteriola burdinola

1769: Aragorriola fanderia

1828: Irin-errota

1884: Irin-fabrika

1955: Pentsu-fabrika

XXI. MENDEA: ingurumeneko eta kulturako ekipamendu publikoa: Ibaiaren Etxea

INFORMAZIO PRAKTIKOA

Maiatzaren 5ean zabalduko da instalazio hau; larunbat, igande eta jaiegunetan egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara, eta sarrera librea eta doakoa izango da.

Fanderiako Errota-Ibaiaren Etxeak bisita gidatuen zerbitzua izango du, Itsas Gela elkarteak dinamizatua, eta aukera emango die bisitariei ibaiari lotutako kultura- eta natura-ondare honen interpretazioan murgiltzeko.

Bisita gidatu horietan aukera izango da ehotzeko mekanismoa eta harriak martxan ikusteko, eta taldeek hala nahi badute, ibilbide ekologiko osagarria egin ahal izango dute Oarsoaldeako turismo-bulegoan aurrez erreserba eginda (www.oarsoaldeaturismoa.eus / 943 49 45 21).

No comments yet.

Utzi erantzuna