Gazteen jai batzordea martxan da

Badira lau urte Madalenetarako gazteei zuzendutako ekintzak eurekin batera antolatzen direla, eta aurten ere bide beretik jarraitzeko nahia agertu du Udalak. Hala, gazteek herriko jaien antolaketan protagonista izateko eta gustuko ekintzak bizitzeko aukera izango dute.

Proposamen bilketa era berritzailean egingo dute, gainera: 13-17 urte bitarteko gazteek Madalenetarako ekintza proposamenak minutu bateko iraupena izango duen bideo batean grabatu eta gazteria@errenteria.eus helbidera bidali beharko dituzte izen-emate orri batekin batera maiatzaren 16a baino lehen. Grabazioa, taldean, bakarka, kantuan, mozorrotuta… egin dezakete.

Jasotako bideo guztien proiekzioa maiatzaren 19an, larunbatean, izango da 17:30ean, Merkatuzarren eta bertan egingo dute proposamen eta bideo hoberenen aukeraketa.

Informazio gehiago, eta baita izen-emate orriak ere, www.gazteria.errenteria.eus webgunean eta gazte aisialdi elkarteen bitartez lor dezakete interesdunek.