Errenteriako Xenpelar tailerretako ikasleek egindako patchwork lanak, Jantziaren Zentroan ikusgai

Errenteriako Udal tailerretan “patchwork” teknika ikasten diharduten bost taldeetako emakumeen lanak ikusgai daude Kapitain-Etxeko behe solairuan.

Erakusketa bi zatitan banatzen da: pareta batean lau ohe-estalki eta tapiz bat ikus daitezke. Guztiak azken bi ikasturteetan egindako joste-lanak dira, bost patchwork teknika dira, eta tailerretako talde bakoitzeko lan bana.

Parean, 2016-2017 ikasturtean jositako ipuina ikus daiteke. Ikasleek modu boluntarioan landutakoa da. Bakoitzak ipuinaren marrazki edo biñeta bat osatu du. Paulette Bourgeois idazlearen “Amonaren ohe-estalkia” izeneko ipuinaren egokitzapena da. Moldaketa Maria de Bernardo ilutratzaileak egin du, ipuinaren irudiak patchworkera moldatuta edo marrazki berriak sortuta.

Patchwork teknika kolore eta mota ezberdinetako oihalak bata bestearekin josteari deitzen zaio. Ez da bere jatorria ezagutzen, baina, jakin badakigu, aintzinako kultura ezberdinetan erabiltzen zela. Aurkitutako pieza zaharrena Egipton topatu zen Esi-mem-kev erreginaren hilobian zegoen oihal etxola da, Kristo aurreko 980 garren urtekoa.

Patchwork teknika mendeetan zehar Afrika iparraldean, Persian, Txinan eta Indian erabili zen eta Europan XI garren mendean arropa konpontzeko adabaki teknika izatetik, dekorazio lan izatera pasa zen. Kolono europarrek Ameriketara eraman zuten, eta gaur egun joste teknika hau gehien bat Estatu Batuetan erabiltzen da.

Errenterian 2003 garren urteaz geroztik joste-teknika berezi hau ikasteko aukera dago. Gaur egun 65 ikaslek, guztiak ere emakumeak, ikasten dute. Gehientxuenak Errenteriakoak diren arren, Oarsoaldea, Irun eta Donostiako emakumeek ere parte hartzen dute.

Errenteriako patchwork tailerretan izena eman nahi izanez gero, 2018-2019 ikasturteko matrikulazioa irailaren 15 ean zabalduko da.

Jantziaren Zentroan kokatutako erakusketa doan ikus daiteke honako ordutegian: larunbatetan 11:00-14:00 etara eta 17:00-20.00 etara, eta igande eta jai egunetan 12:00-14:00 etara. Ekainaren bukaera arte.