“Errenterian 11 Kolore” ekimenaren programa aurkeztu dute

Datorren maiatzaren 18an, ostirala, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, programa zabal eta koloretsu baten bidez. Hori dela-eta, Errenterian, arratsaldeko 18:00etan, kultura-aniztasunaren aldeko martxa koloretsu bat abiatuko da, erritmoz betea, Zumarditik Koldo Mitxelena ikastetxeko (Biteri) patiora. Martxara perkusio-instrumentuak nahiz erritmoari laguntzeko bestelako tresnak ekartzeko deia egiten zaie herritar guztiei. Hain zuzen ere, baliagarria izango da Atanbora doinua denen artean dantzatu eta abesteko.

Prestaketa eta ekintza ugari

11 Zapore

Maiatzaren 17an, osteguna, eta igandea bitartean, herriko 20 tabernak munduko pintxo bat izango dute salgai beren gainerako pintxoekin batera. Gainera, ostegunean, 11 Zapore ekimenari hasiera emateko, bizikleta musikatua izango da erdiguneko kaleetan, munduko musika jarriko duen DJ batekin. Parte hartzen duten tabernek kanpoko aldean bandera bat izango dute, eta haiek hautatutako pintxoa ikusgai egongo da. Era berean, herritarrek aukera izango dute pintxo hori zergatik gustatu zaien adierazteko eta puntuazioa emateko. Hala, lehen aldiz, parte-hartzezko lehiaketa izango da, zapore berri horien artean arrakasta izan duena saritzeko eta puntuazioa ematen duten parte hartzaileen artean zozketa bat egingo da, hortaz, saritu bat izango da honetan ere. Maiatzaren 25ean jakingo da nor den saritua. Programan ikus daiteke taberna bakoitzak hautatu duen pintxoaren jatorria.

“Errenteria Munduan” argazkiak eta informazioa ere izango dira taberna horietan; hala, Errenteriako Udalak urtero diru-laguntzen bidez laguntzen dituen GGKE-en proiektuak ezagutzeko aukera emango du.

Kultura Aniztasunaren Eguna

Maiatzaren 18an, hirugarren urtez, Kultura Aniztasunaren Eguna ospatuko da. Horretarako, hainbat ekimen izango dira.
Arratsaldeko 17:15ean, eta 18:00ak bitarte, Zumardiko kioskoan, “5 Kontinente 5 ipuin” izenburupean, Irene Sotelo ipuin-kontalari errenteriarra arituko da haurrentzako ipuinak kontatzen. Era berean, Omayma Hazzouzek zeinu-hizkuntzara itzuliko ditu 5 ipuin horiek.
Behin horiek amaituta, Danbor guztien martxa abiatuko da kioskotik bertatik, eta herriko erdiguneko kaleetan zehar ibiliko da, perkusioz eta erritmoz beterik. Hori Koldo Mitxelena (Biteri) ikastetxeko patioan amaituko da. Han, perkusio desberdinez lagundurik, Burubeltzekin batera Atanbora doinua dantzatuko, abestuko eta joko da, hain zuzen ere denen artean aniztasuna ospatzeko, horrek aberastasuna dakar eta.
Azkenik, egunari amaiera emateko, patioan bertan txoko desberdinak izango dira. Batetik, txapak eta mosaikoak egiteko aukera izango da. Bestetik, “Aniztasuna eguneroko alor desberdinetan” deituriko erakusketaren inaugurazioa egingo da, eta bertan, herriko DBHko ikasleek eginiko lanak izango dira ikusgai. Azkenik, aniztasunaren aldeko herri-aliantzaren baitan photo-call batean parte hartu ahal izango dute bertaratuek, eta aliantzari atxikitzeko txokoa ere egongo da.
Azpimarratzekoa da Zumardiko zuhaitzak, kioskoa bera eta Udalean jarriko den lana LHko herriko ikasleek margoturiko kareta txikiekin atonduko dela.

“Aniztasuna eguneroko alor desberdinetan” erakusketa

Herriko DBHko ikasleek eginiko lanak herriko hainbat gunetan izango dira ikusgai, maiatzaren 21etik ekainaren 11ra, erakusketa aniztasunaren egunean inauguratu ostean. Hauek izan dira landuriko alorrak: aniztasuna eta kirola, artea, elikagaiak, musika eta dantza, literatura nahiz hizkuntzak. Horren helburua izan da herriko sei ikastetxeetako ikasleek hausnarketa-lana egitea aniztasunak alor horietan duen presentziaz, eta beren kaxara antolatuz eta ekimen propioaren bidez, herritarrei ezagutzera ematea.
Alor bakoitza udal-gune batekin lotu nahi izan da, eta hortaz, ikasle horien lanak honako toki hauetan izango dira ikusgai hiru aste horietan: Udal euskaltegian, Musika eta Dantza eskolan, Niessen Merkataritza Gunean, Galtzarabordako Kiroldegian, Merkatuzarren eta Udal Liburutegian.

Era berean, aurretik aipatutako panelen ondoan “Elkarbizitzarako aniztasunean Aliantzaren” inguruko informazioa eta Bernardo Atxaga idazleak idatziriko manifestuaren bidez atxikitzeko proposamena izango da.

Informazio gehiago, hemen