Gaur hasiko da Musikasteren 46. edizioa, emakume musikagileak protagonista dituelarik

Gaur hasiko da MUSIKASTE jaialdiaren 46. edizioa Errenterian. Ospakizun, mendeurren eta hain ezagunak ez diren musika generoz betetako musika hitzordu ezberdinak izango ditugu bederatzi egunetan.

MUSIKASTE 2018an, iaz utzi gintuen Mª Luisa Ozaitaren lana gogora ekarriko dugu, eta bide batez, emakume musikagileek egiten duten lana azaleratzeko guneak eskaini nahi izan ditugu.

Emakumeen sorkuntzari leku berezia eskainiko dion MUSIKASTE 2018k, gizonenak baino emakumeen lan gehiago erakutsiko ditu, 25 emakume musikagileen lanak, hain zuzen ere. Aurtengo MUSIKASTEN lehen aldiz eta, generoei dagokionean, ohituraz emakumeenak izan ez diren generoetan emakumeen lanei lekua utzi nahi izan diegu, adibidez txistuan eta erlijio musikan. Bost mojek sortutako obrak erakutsiko ditugu, baita bandarako obra ere, emakumeen lanak topatzea oso zaila den generoa.

Berrogeita hamar urtetan interpretazio lan eskerga egin duten zenbait erakundeen lana azpimarratu nahi izan du MUSIKASTEK: Araba Abesbatza, Leioak San Juan Bautista Abesbatza edo Zangozako Nora Abesbatza.

MUSIKASTEk, XX. mendeko musikari klasikoekin batera, Manuel Sagasti bere heriotzaren bigarren mendeurrenean, omendu nahi izan du. MUSIKASTEren nortasun zutabeak, ondarea berreskuratzea eta sorkuntza garaikidearen balore berriak sustatzea dira, eta aurten, Kultura Ondarearen Europako Urtearen ospakizunekin bat egingo dugu.

Musika baliabideak optimizatzeko xedearekin beste hainbat erakunderekin garatu izan ditugun loturak berritu ditugu. Hauek dira edizio honetan gurekin lan egin duten elkarteak: MUSIKAGILEAK – Euskal Herriko musikagileen elkartea, MUSIKENE – Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, ERRENTERIA MUSIKAL, bere ikasleek eskainiko dituzten emanaldiengatik.

Aurten, María Magdalena lagunen Kultur Elkarteari eskainitako lankidetzagatik eskerrak eman nahi dizkiogu, baita Errenteriako Udal Txistu Bandari eta Errenteria Musikaleko Bandari ere.

Informazio gehiago eta programa, hemen.