Errenterian izango da aurtengo Haziz Hazi hezkuntza sarearen ‘jolasGUNE’ jaia, igandean

Gazteria | Hezkuntza 2018-05-24 | 0

Maiatzaren 27an, jolasaren eguna dela eta, Haziz Hazi Elkarteak – hezkuntza, haziera eta bidelaguntza sareak-, beste urteetako arrakasta ikusita (Araban eta Bizkaian), jolasGUNE jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko du, Errenterian Bakearen Parkean, Fanderia auzoan. Euria egingo balu, JolasGunea Koldo Mitxelenako patioan eta Merkatuzarren ospatuko da.

JolasGUNE, jendarte osoari irekita dagoen ekimena da eta honen aldarrikapena da, jolasa, bizitzako etapa guztietan, ikaskuntza eta hazkuntzarako baliabide nagusitzat hartzea. Bertan, familia, hezitzaile eta hezkuntza proiektu desberdinetako pertsonak bilduko dira errespetuan oinarritutako hezkuntza sustatzeko, hau da, benetako beharrei erantzunda eta bakoitzaren erritmo naturalei egokituta.

Jaialdi honek, Errenteriako bizilagunei jaiegun berezia eskeiniko die haur eta helduei zuzenduriko ekintza anitzen bitartez. Bertan, hezkuntza proiektu
bakoitzaren informazioa, hitzaldiak, tailerrak, jolasak, musika eta paella herrikoia eskainiko dira. Horrez gain, hainbat sorpresa eta azoka bat ere egongo da, bizimodu jasangarri batean bizitzeko behar diren nahitaezko gauzak dituena.

Jolasaren ospakizun hau, adin guztietara zuzenduriko ekimena izateaz gain, hezkuntza eredu anitzak aldarrikatu nahi ditu. Era berean, familia eta hezitzaileek eginiko esfortzutik hazi berriak diren proiektu pedagogiko berritzaileak integratu nahi ditu. Proiektu hauek, nolabait, egungo errealitate sozialak dituen hutsune eta arazoiei erantzuten baitiote.

Haziz hazi elkartea, familia eta partikularrez gain, Euskal Herri osoko hezkuntza proiektu txiki eta ezberdinek osatzen dute, eredu propioak garatzeko beharra ikusten dutelako.

No comments yet.

Utzi erantzuna