Madalenetako kartel lehiaketan herri saria jasotzeko aukera duten lanak Xenpelar Etxean ikusgai

163 lan aurkeztu dituzte aurtengoan XXXIV. Madalenak 2018 iragarriko dituen kartel lehiaketara. Horietatik 50 lan aukeratu dituzte, Xenpelar Etxean, jada, ikusgai dagoen erakusketarako.

Lan hauek herritarren bozka jaso ahal izango dute erakusketaren lekuan bertan eta botu gehien jasotzen dituen lanaren egileak herri saria jasoko du: uztailaren 21ean izango den Madalenetako herri bazkarirako bi gonbidapen.

Erakusketa ekainaren 2a arte egongo da ikusgai, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara. Hala ere, botua maiatzaren 30a arte eman ahalko dute bertaratzen diren herritarrek. Izan ere, maiatzaren 31n jakinaraziko baitira prentsa aurrean Herri Sariaren irabazlea eta baita Madalenak 2018 iragarriko dituen kartela ere.