Larunbatean hasiko da Errenteriako II. Energia astea, hamaika ekimenekin

2018ko Europako Energia Iraunkorraren astearekin bat eginez, ekainaren 2tik 7ra Errenteriako II. Energia Astea antolatu du Udalak. Aste honen helburua da gizartea sentsibilizatzea, modu horretan, herritarrek beren kabuz, egunerokotasunean, energia erabilera egokiaren alde jardun ahal izateko eta ingurumen kontzientzia areagotzeko. 2020 urterako errenteriarrok 2007an baino %20,16 CO2 gas isuri gutxiago isurtzeko helburua dauka Udalak, Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren baitan. Beraz, erronka hori lortzeko interesgarriak izango diren hainbat motako jarduerak antolatu ditu Errenteriako Udalak Energia astearen baitan: hitzaldiak, filma eta Energia Azoka.

Gipuzkoa Foru Aldundiak “Argitu” tailerrak antolatu ditu, eta, gainera, Usurbilgo lanbide Eskolak egingo duen energia azoka finantzatzen parte hartu du.

Aste honetan egiaztatuko da eguzki plaka fotovoltaikoen bidezko autokontsumoa bideragarria dela. Goizeko jardunaldi bat antolatu dute administrazio publikoko langileentzat eta enpresentzat, eta arratsaldeko jardunaldia pertsona partikularrentzat eta bizilagun komunitateentzat.

Etxeetan eta bizilagun komunitateetan kosterik gabeko edo koste txikiko neurrien bidez energia aurreztu daitekeela irakatsiko dute.

Ezin aipatu gabe utzi “Una verdad muy incómoda: Ahora o nunca” mundua aldatzera bultzatuko gaituen filma doan ikusteko aukera izango dela Niessen Kulturgunean.

Energia astearen egun nagusia ekainaren 2a izango da: Zumardian energia azoka ospatuko dute. Bertan energia berriztagarri eta energia eraginkortasunaren ingurukoen berri izango dute Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik. Herriko asmatzaile den Oscar Jimenezen proiektuak ezagutzeko aukera ere egongo da. Bestalde, Eko-Oiz elkartearen parte hartzea izango da. Hibaika arraun elkarteko haur eta kadete mailako neska-mutilek, ergometroekin, energia ekoizpenerako WATT erronka aparta egingo dute.

Energia azoka horretan etorkizuneko ibilgailuen erakusketak bere txokoa izango du; 6 kotxe markek 10 ibilgailu elektriko eta hibrido ekarriko dituzte, horien artean motor elektriko bat. Bertan, ibilgailu saltzaileekin zalantzak argitzeko aukera egongo da, bai eta zazpi ibilgailu gidatu eta probatzeko aukera ere.

Beraz, aste horretako ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu dute, etorkizuna eraikitzeko energia izan dezagun!

Informazio gehiago, hemen.