Daniela Garreton artistak sortu du aurtengo Atlantikaldiaren irudia

Atlantikaldia | Kultura 2018-06-06 | 0

Daniela Garreton Atlantikaldiarako sortu duen ilustrazioarekin

Atlantikaldiaren bostgarren edizioa sorkuntza, heldutasuna eta, batez ere, kultur aniztasun zabalagoz josita dator. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz.

Horren adierazle da aurtengo irudi nagusia, Atlantikoaren beste aldean jaio zen Daniela Garreton (Santiago de Chile, 1983) artista txiletarrak sortu duena. Jaialdiko lantaldearekin elkarlanean zerbait berritzailea sortzeko prest agertu zen hasiera hasieratik eta ilusioz hartu zuen erronka.

Izaera anitzak biltzen dituen irudia

2018ko Atlantikaldia irailaren 20tik 23ra ospatuko da Errenterian ‘Itsas Korronteak’ kontzeptupean. Era berezian landuko dira korronte artistiko ezberdinak: estilo eta musika mota ezberdinak plazaratuko dira eta mundu mailako mugimendu kulturalei lehioak irekiko dizkio.

Bide honi helduta sortu du bere proposamena Garretonek: “Diseinu inklusiboa egin nahi izan dut, aurkako ideiak batu eta bakar batean fusionatuko dituena. Itsas korronteek kontinenteak zeharkatzen dituzte elementu ezberdinak bilduz jario bakarrean eta horixe irudikatu nahi izan dut kartelean: alde bietara jarrita balio duen ilustrazioa, ikuspuntu guztietatik begiratzeko aukera ematen duena, izaera anitzak barne hartzen dituena, jaialdiaren filosofiarekin bat etorrita” adierazi du.

Euskal Herrian bizi den artista da Garreton. 4000 kilometrotako kostaldea duen herrialdean jaiota, itsasoa bere pasio bilakatu du eta horren adierazgarri dira bere lanak: “Itsas gizonak marrazten hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut”.

2010. urtean Europara etorri eta Donostia aukeratu zuen bere bizileku artistiko gisa. Ez zen kasualitatea izan: “Nire birraitona Oñatikoa zen eta Donostian egin zituen ikasketak. Izaera handiko gizona zela entzun izan dut beti etxean, zuzena eta ausarta. Euskal Herriari buruzko irudi magikoarekin hazi izan naiz”.

Ordutik, bertako kulturak eragin handia izan du bere lanean: arrantzaleak, itsasoarekin dagoen lotura estuak, nabigazioak… Hori dela eta, gustura jaso zuen Atlantikaldiatik egin zioten enkargua: “Izugarri gustatzen zait herri proiektuetan barneratzea eta beraz, ohorea izan zen jaialdiko antolatzaileak nirekin harremanetan jartzea. Jaialdi ederra da, kultura eta itsasoa uztartzen dituena”.

No comments yet.

Utzi erantzuna