Errefuxiatuen Nazioarteko Egunerako erakunde adierazpena: Aquarius ontzia eta errefuxiatuen harrera

ArmarriaErrefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira, Errenteriako Udalak honako hau adierazten du:

Indarreko legediak dioenez, ihesi doazen pertsonak babestea instituzio publikoen betebeharra dela asumiturik eta partekaturik dago herrialde ugariren aldetik. Europar Batasunaren aldetik azken hamarkadan izandako politika neoliberal eta austeritarioek, gasolina bezala jokatu dute eta pobreen arteko gatazka sustatu, diskurtso eta ideologia xenofobo eta arrazistei bidea zabalduz europar gizartean.

Batasunaren fundazio xedeetako bat elkarbizitza baketsua hedatzea izan zen Europako nazio anitzen artean, 30eko hamarkadan faxismoaren eta eskuin muturreko munstroen gorakadaren ondorioz izandako sarraskiak berriz ez errepikatzeko. Gaur egungo eskuin muturreko indarren gorakadak kontinente osoan zehar (Jobbik Hungrian, Frente Nazionala Frantzian, Lega Nord eta Movimiento 5 Stelle Italian, UKIP Erresuma Batuan, AfD Alemanian, FPÖ Austrian eta zerrenda beldurgarri luze bat…), ezberdinarekiko gorroto diskurtsoekin, iraganeko munstroak oso era arriskutsuan gogorarazten dizkigute.

Italiar gobernuaren azken erabakiak, Lega Nordeko eskuin muturreko alderdi xenofoboaren zuzendaritza politikoaren menpean, jitoan utziz miseria eta gudutik ihesian doazen 629 pertsona hiltzeko itxaroan, beste eskaloi bat besterik ez da egungo eszenatokian. Europako Batasunaren tendentziak partekatutako gogoeta prozesu bat abian jartzeko beharra erakusten digu, historian parerik ez duen giza migrazio eta mundu mailako errefuxiatuen gorakada sistematikoari erantzuna eman beharko diona. Europak oinarrizko papera du giza desplazamenduetan eta batez ere, ekidin ezineko erantzukizuna hauen zergatietara begiratu eta problematika hauek konpontzeko hartu beharreko erabaki estrukturalen parte hartzean, ez baitira ezta inola ere, koiunturalak.

Pasa den astean gertatu den egoera, Aquariusen ontziratutako 629 pertsonak jasotzeko ezetza italiar instituzioen aldetik, Batasunaren diskurtso eta erantzukizunen arteko kontraesanen isla bortitz eta krudela izan da. Eta Italia edo Maltaren jarrerak bezain gaitzesgarriak dira Batasuneko beste herrialdeen isiltasun konplizea, ze gainera, zerbait adieraztekotan, mugen kontrola areagotzeaz besterik ez dute hitz egiten. Kanporatu egiten diren mugak eta milaka pertsona erailtzen dituztenak Libia edo Turkia bezalako herrialdeen esku uzten direnean. Honetaz gain, eskumenen eta funtzio instituzionalen banaketa konplexua kontuan izanik, pertsonen giza eskubideen berme eta babesaren erantzukizunak baditu bere eginbehar eta zereginak. Ez soilik azken aste hauetan bizi izan dugun ikuskizun negargarrian, baizik eta bizi ahal izateko ihesi dabiltzan pertsona migrante eta errefuxiatuen egoera bateratasunez begiratuz. Horregatik da hurrengo mozioa aurkezten dugula:

Alde batetik, Errenteriako Udalak eskatu eta premiatzen du:

1. Europar Batasunak, babes eta harrera politikak aldatzea migrazioen arloan Europako Batasunaren erantzukizun bateratua kontuan hartuz fluxu migratorien erronkari aurre egiteko, mahai gainean jarriz egite edo ez-egiteagatik Aquarius itsasontziaren harreraren gainean gertatu diren legediaren hauste eta giza eskubideen urraketak.

2. Estatuaren Gobernuak, Estatu Espainiarraren mugetan dabiltzan pertsona migrante eta errefuxiatuen harrera bermatzea, eta konkretuki Italia kostetatik Aquarius itsasontzian etorri direnak, kalitatezko baldintzetan, pertsonen duintasuna, beraien borondatea eta indarrean dagoen legedia errespetatuz.

3. Jaurlaritzak, mugetan dabiltzan pertsona migrante eta errefuxiatuen harrera bermatzea duintasun, kalitate eta eskubideen babesen berme baldintzetan, existitzen diren babes sistemak erabiliz eta neurri zehatzak inplementatuz pertsonen beharretara egokitutako harrera integralean aurrera pausuak emanez.

4. Gipuzkoako Aldundiak, gizarte babeseko neurri espezializatuen aplikazio zehatzean, pertsona migrante eta errefuxiatuen behar espezifikoak kontuan hartzea kalitatezko arreta bermatuz.

5. Euskal instituzioen lan koordinatua eta solidarioarekin lanean jarrai dadila

Beste alde batetik, Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du

6. Errenteria harrera udalerri bezala eskaintzea, ez soilik Aquarius itsasontziko krisiaren aurrean, baizik eta etorkizunean babes beharretan miseria eta gudutik ihesi izan daitezkeen pertsona errefuxiatuentzat.

7. Sentsibilizazio kanpainak aktiboki martxan jartzea gorroto diskurtso xenofobo eta arrazisten aurka, hauek borrokatuz errepikatu ez daitezen bermatzeko.

Errenterian 2018ko ekainaren 19ean.