Ekainaren 26an izango dira auzo-konpostaje guneetako jarraipen-bisitak

Hurrengo asteartean Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko gune ezberdinetara hileroko jarraipen-bisita egingo du Udalak. Lanok Errenteriako Udalak bultzatutako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzokonposta egiten nola etxeko konposta egiten, zaborraren tasan %30eko hobaria aplikatzen zaie.

Maiatzeko bisitan ez bezala, ekainaren 26ko ikuskaritza-lanak goizez egingo dituzte. Horrela, lantaldeko kideak 9:30tan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta gero, ondorengo ibilbidea egingo dute: Agustinak, Gaztaño (lehenik Arramendi igoeraren hasieran kokatuta dagoen gunea eta ondoren, Gaztaño 44 zenbakiaren parean dagoena) eta Alaberga (auzo honetan Udalak bidegorriaren trazatuaren bigarren zatiaren eraikitze-lanei ekin dienez, Alabergako konpostaje-gunea ez dago oraingoz erabilgarri eta bisitak soilik Uztargi haur-eskolako gunera egingo dituzte).

Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Hori dela eta, erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, aldez aurretik 628 532 248 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Era berean, oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, goian aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.

Etxean konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die Udalak, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez eta intzidentzien inguruko informazioa jasoaz. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero edo herritarren batek etxean konposta egin nahiko balu, honako posta elektronikora idatz dezake: etxekonpostae@errenteria.eus.