Cadizeko Inauterien puska bat Errenterian gozatu ahal izango da asteburu honetan

Asteburu honetan V. Cadizeko Inauteria ospatuko da Errenterian, Betiprest-ek antolatuta eta bi emanaldi eskainiko dituena: lehenengoa bihar izango da, larunbata, Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Sarreran 20 eurotan daude salgai eta 625 708 884 telefono zenbakira deituta eska daitezke.

Gainera, jaialdiaren aurkezpenean aurtengorako gordeta zuten sorpresa iragarri dute: igandean, uztailaren 1ean, talde parte-hartzaileek kalean jardungo dute eta, beraz, Cadizeko Inauterietako sentsazioak Errenteriako kaleetan zehar bizi ahal izango dira. 13:00etatik 14:30era, gutxi gorabehera, herriko hiru puntutan aldibereko emanaldiak egongo dira: Niessenen, Madalena kalean (Sindikato tabernaren inguruan) eta Zumardian (Reyna tabernaren inguruan). Jaialdian parte hartuko duten hiru taldeak txandakatzen joango dira, hortaz, puntu bakoitzean hiru taldeak arituko dira.

Aurten parte hartuko duten elkarteak honako hauek dira: ‘Los de la gran puñeta’ laukotea, emakumez bakarrik osatutako ‘Las guerreras de la tribu del tótem gordo’ kale-txirigota, eta Juan Carlos de Aragonen ‘Los mafiosos’ konpartsa.

Jaialdiaren aurkezpenean ‘Los de la gran puñeta’ laukoteko Javier Aguilerak adierazi du etortzen diren hirugarren aldia del hau, eta gero eta gehiago disfrutatzen dutela.

‘Las guerreras de la tribu del tótem gordo’ txirigotako Susana Ginestak gogotsu daudela esan du, eta orain arte maitasuna eta giro ona besterik ez dutela jaso Errenterian. Horretaz gain, ‘feminismo’ hitzari beldurra galdu behar zaiola aldarrikatu du, eta horretarako egin beharreko lehenengo gauza informazioa biltzea dela. Zentzu horretan Errenteriarren jarrera ona nabarmendu du.

Azkenik, Juan Carlos de Aragonen konpartsako kide den Javi Bohozquezek aipatu du aurten Cadizeko Inauterietako elkarteen lehiaketa ofizialaren irabazle izan direla eta hori ez dela ohikoa azaldu du, protesta letrak direlako normalean garaile izaten.