Herritik eta herriarentzat izango diren Madalenak marraztu ditu Jai Batzordeak

Jai Batzordeko kideek Madalenak aurkeztu nahi izan dituzte gaur eta osatu duten egitarauaren arabera, azkenengo urteetan bezalaxe, “aurten jai giroan gozatzeko aukera” izango dela adierazi dute: “Programan jasota daude hilabete hauetan ilusio handiz auzolanean landutako ekintzak eta pozik gaude horregatik. Izan ere, gure nahia baita jaiak herritik eta herriarentzat izatea”.

Egitarau zabala izango dela esan dute eta proposamen berriak ere ilusioz prestatu dituztela. Horietako bat, Madalenetarako atera duten lepoko zapia da: “Gure herriko jaiek nortasun propioa dute eta soinean lepoko zapi berdina emateak identitate hori indartuko du”, adierazi dute.  Zapiak uztailaren 15etik aurrera izango dira salgai datozen astetan argitaratuko dituzten herriko hainbat tokitan.

150 ekintzatik gora izango dira egitaraua osatuko dutenak: erakusketak, dantza, antzerkia, danborradak, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak, kirol jarduerak… Askotariko ekintzak, beraz, eguneko zein gaueko programa osatzeko. Eta 25 kontzertu baino gehiago, publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta.

Gainera, aurten ere, txupinazoa bizitzeko aukera ezberdinak izango dituzte herritarrek: 17:30ean, Mila koloreko txupinazo txikia izango da Koldo Mitxelena plazan eta aurtengoan gainera abesti propioa izango du: Oarsoirriak taldeak auzolanean sortutako “Irria Harro!”.

Holi festa Gernika plazan hasiko da 18:00etan. Eta txupinaren jaurtiketa zuzenean bizitzeko, Herriko plaza edo Zumardiko pantaila erraldoia izango dira. Zuzenean ere, emango dira irudiak Herri Bizia webgunean.

Bestetik, eskerrak eman nahi izan dizkiete herritar guztiei, urtero uztailaren 21ean, antolatzen duten herri bazkariari egin dioten harreragatik. Izan ere, tiket guztiak salduta baitaude dagoeneko.

Halaber,  jai batzordearen apustua jaiak guztion gozamenerako izatea eta jaiez libre gozatu ahal izatea dela azpimarratu dute. “Emakumeek ez dutelako ausartak izan behar libre baizik. Horregatik, eraso sexistarik gabeko Madalenak helburu dituzten neurriekin bat egiten dugu”, esan dute.

Amaitzeko, ziurtatu dute Madalen jaiak prestatzen gozatu duten adina gozatuko dutela festak bizitzen, eta herritarrek ere hala goza ditzaten espero dutela: “jaiak marraztuz, jaietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz”.