Orereta Ikastolak Euskaraldiarekin bat egin du

Orereta Ikastolak Euskaraldiarekin bat egin du eta ekimenaren sustatzaile izango da. Hortaz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, ikastolako langileek, gurasoek eta ikasleek euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute.

Orereta Ikastolak hasierako hamaikakoa osatu du jada. Hain zuzen ere, Orereta Ikastolaren lehenengo hamaikako hori bertako profesional guztiek osatzen dute: denak izango dira ahobizi, euskaraz egiteko konpromiso tinkoa dutelako eta erabilera indartzen lagundu nahi dutelako.

Horrenbestez, Orereta Ikastolak ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditu, eta horretarako izena emateko bideak erraztuko ditu eta ikastolako komunitate osoa eta gainerako herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten.

Beste zenbait ekimen

Orereta Ikastolak herrian bertan antolatzen diren ekimenetan parte hartuko du eta, horretaz gainera, udazkenerako, beste hainbat ekimen ari da antolatzen, horietako batzuk Hendaia, Ziburu, Biriatu eta Urruñako ikastolekin batera. Izan ere, Iparraldeko ikastola horiekin hitzarmena du eta urte osoan zehar elkarrekin zenbait ekintza egiten dituzte, ‘Zubiak eraikiz’ ekimenaren baitan. Ikastola horiei laguntzeko izango da, aurten ere, Madalenetan Esmalteria plazan jartzen den tabernatik ateratako diruaren zati bat. Taberna horretan bertan Euskaraldiaren inguruko informazioa banatuko dute eta Ikastolako guraso, ikasle ohi eta lagunek ekimenean izena emateko aukera izango dute egunero 19:30etik 21:30era.