‘Errenteriako VI Tenis Opena-Ereintza Maddalen Saria’ jokatzen ari dira egunotan

‘Errenteriako VI Tenis Opena Ereintza Maddalen Saria’ jokatzen ari dira Beraungo Erabilera Anitzetarako Pistan, Ereintza Eskubaloiak antolatuta, ATGren (Gipuzkoako Tenisaren Zaleak) eta Errenteriako Udaleko Kiroletako Azpisailaren laguntzarekin. Lehiaketa ekaina eta uztailean zehar jokatuko da, eta finalak uztailaren amaieran jokatuko dira.

Ereintza Elkarteak aurreko edizioek izan duten harrera ona azpimarratu du. Lehenengoan 24 jokalarik hartu zuten parte eta izen-emateak osatu egin ziren. Bigarrenean, berriz, parte-hartzaileak 32 izan ziren eta kasu honetan ere koadroak osatu ziren. Hirugarren edizioan zein laugarren edizioan koadroko plaza guztiak agortu ziren, lehiaketak harrera ona izan baitu parte-hartzaileen artean. Horren froga da 2015-2016 denboraldian ATGk puntuaziorik altuena eman ziola Errenteriako lehiaketari Gipuzkoan jokatzen diren lehiaketen artean.

Bost urte hauetan ATG elkarteak lortu du Gipuzkoako beste hainbat herritan ere tenis-txapelketak antola ditzaten eta, adibidez, egun hauetan kirol honetan aritzen direnek hiru txapelketa desberdinetan parte hartzeko aukera dute. Horregatik, tenislariak banatu egin dira eta, zehazki, Errenteriako koadroa osatu da 28 parte-hartzailerekin. Gaur egun tenislariak zorioneko daude, ia urte guztian zehar parte har baitezakete txapelketetan, orain dela gutxi arte ezinezkoa zena.

Lehiatzeko modua honakoa da: launa tenis jokalari dituen 7 talde egin dira. Jokalari bakoitzak talde bereko beste hiruren aurkako partida bana jokatuko du, era horretan talde bakoitzeko sailkapena lortzeko. Ondoren, kanporaketa zuzenak jokatuko dira, final laurdenak eta finalerdiak eta finala jokatuko dituzten haien artean eta, era horretan, uztailaren amaieran lehiaketaren lau finalak jokatuko dira (bat kategoria bakoitzean). Lehiatzeko modu honek jokalari bakoitzari gutxienez 4 partida jokatzeko aukera emango dio.

Parte-hartzaileei dagokienez, Gipuzkoako tenislari zale onenak izango ditugu (horien artean 5 Errenteriakoak -Ivan Jimenez, Anton Basterrika, Adur Lekuona, Iñigo Perez eta Ivan Vizcaino-, eta hainbat Donostia, Irun, Tolosa, Eibar, Hondarribia, Bera, Legorretatik,… etorriak).

Parte-hartzaile taldea oso maila altukoa da, egun arte egin diren sei edizioetako altuena; izan ere Inko Mugika azken bi edizioetako irabazleak eta Raul Ramos hirugarren edizioko irabazle eta azkenekoaren finalista izan denak parte hartuko dute, baita ATGaren sailkapen zerrendako lehenengo sailkatuek ere.

Tenis zaletuak oro har bertaratu ahal izango dira instalaziora lehiaketa osoko partidak doan ikusteko (ordutegia: larunbatetan 10:15-22:00 eta igandeetan 10:15-14:00).

Hala nahi duten zaletuek lehiaketaren garapenaren inguruko guztia (emaitzak, sailkapena eta abar) honako web orrian aurkituko dute: www.atgtour.es.