Udalaren trantsizio energetikoarekiko konpromisoa aitortu du Energiaren Euskal Erakundeak

Energia | Ingurumena 2018-07-11 | 0

  Errenteriako Udala argiteria publikoa hobetzeko proiektu bat garatzen ari da eta 1.010 luminaria ordezkatu ditu 2015 eta 2017 urteen artean. Energiaren Euskal Erakundeak Udalaren trantsizio energetikoarekiko konpromisoa aitortu du goizean Errenterian egin den ekitaldi batean.
Gauzatutako ordezkapenen bidez Errenteriako Hirigune Historikoan eta Beraun, Alaberga Goikoa, Kaputxinoak eta Agustinak auzoetako argiteria publikoan argiztapena hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko, argiztapen-sistema adimenduna hornitzea eta muntatzea gauzatu da.
Aipatutako lanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren, EEEren eta IDAEren laguntza jaso dute.

Bestalde, momentu honetan Txirrita-Maleo industrialdean eta Alaberga Behekoa, Galtzaraborda, Iztieta eta Esnabide auzoetan 1.077 luminaria hornitu eta muntatze-lanak lizitazio fasean daude. Luminaria horiek 2019 urtearen lehen seihilekoan aldatuko dira.

IDAEk (Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua) eman dio Errenteriako Udalari 2019 urtean gauzatuko den proiektuaren finantzazio osoa egiteko mailegu itzulgarria, kaleko argi-instalazioak berritzeko IDAEk deitutako laguntza-programaren baitan.

Jardueren helburua da argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea, eta horretarako gaur egun dauden argiak aldatu eta horien ordez LED teknologia duten argi berriak jarriko dira. Gainera, argiztapena kontrolatzeko sistema adimentsua ere jarriko da eta oinarri sendoak finkatuko dira pixkanaka udalerri adimentsua eraikitzeko, non argien bidez beste sistema batzuk jarri ahalko diren, esate baterako, kartel informatiboak, IP ahotsa, wifia, ingurumen-parametroak neurtzeko sentsoreak, eta abar.

2015 eta 2019 urteen artean egindako ekintzen bidez, Errenteriako argiteria publikoaren %41a gutxi gora behera LED teknologiako izatea lortuko da.
Denbora tarte horretan guztira 2087 LED luminaria inguru jarriko dira. Gauzatutako proiektuaren berezitasuna da luminaria guztien artean 902tan bloke optikoa bakarrik aldatu dela, hau da, luminariaren estalkia mantenduta. Horrela, instalazio kosteak eta hondakinak gutxitu egiten dira, oraindik urte batzutan erabilgarria izan daitekeen estalkia mantendu egiten baita.

2015-2019 tartean LED luminarietan egindako inbertsioa 1.022.194,32 €koa da.

Egungo argiak aldatuz eta automatikoki erregulatzeko sistema jarriz energia-kontsumoa gutxitu nahi da. Teknologia horrekin argiak automatikoki piztu edo erregula daitezke, presentziaren arabera, eta LED teknologiako argiek balio-bizitza luzeagoa dutenez, energetikoki eraginkorragoak dira eta, argi-fluxua momentuan bertan erregulatzeko aukera ematen dutenez, mantenu gastua ere txikiagoa da. Energia-kontsumoa eta mantentze-lanen aurrezkia kontuan hartuta, urtean 95.000 € aurreztuko direla estimatzen da.

Argiztatze sistema berriarekin aurreikusitako energia aurrezkia 692.778 Kwh/urteko da, hau da, koadro horietako egungo kontsumoaren %71ko murrizketa. Ekimen honen ondorioz, urtean 235.540 KgCO2ren emisioa saihestuko da, 131,62 Tep.

Jarduketa hauekin aurrerapauso handia egingo da Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) gauzatzeko bidean.

Aitorpen ekitaldia

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Donostialdea, Oarsoaldea eta Txingudi osatzen duten udalerrietako ordezkariak bildu ditu gaur Errenterian, Euskal Trantsizio Energetikoarekiko duten konpromisoa aitortzeko.

Deialdiaren barruan bisitaldi tekniko bat antolatu da herriaren argiteria publikoa hobetzeko proiektuaren nondik norakoen berri izateko.

EEEko zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak, arrazoi bikoitza izan du udal ordezkari horiekin biltzeko; alde batetik, Errenteriak teknologia efizienteagoa (led) erabiliz hiriko argiztapen-sistema guztiz berritzeko abian jarri duen anbizio handiko proiektua gertutik ezagutzea, eta, bestetik, inguruko udalek (Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo. Oiartzun, Pasaia, Urnieta, Usurbil) energia trantsizioarekiko duten konpromisoa agerikoa egitea. Ansolak eskerrak eman dizkie guztiei, energia-efizientzian inplikatu direlako eta energia berriztagarriak abian jarri dituztelako. Esker on hori irudikatzeko, Energiaren Euskal Erakundeak sortutako “Energiaren Bidea- Euskal Energiaren Trantsizioa Udalean ere” bereizgarria jaso dute. Bereizgarria pixkanaka-pixkanaka jarriko da ikusgai Euskadiko herrien udal-instalazioetan.

No comments yet.

Utzi erantzuna