Aireko linea elektrikoak lurperatzeko lanak hasi dituzte

Errenteriako Udalak herria gurutzatzen duten aireko linea elektrikoak lurperatzeko prozesu bat hasi du.

Hortaz, Pontikatik hasi eta Beraun kaleko 17tik 27rako zenbakiekiko paralelo doan linea lurperatuko dute, baita Igantziko bidegorritik Pontikako frontoiaren atzekaldean dagoen transformadorearekin konektatzen duena ere.

Lan zibila egina dago jada, eta bertatik igaroko dira kableak behin lurperatuta. Gainontzeko lanak uztailaren 18an hasiko dituzte. Azken horiek izango dira ikusgarrienak, orduan kenduko baitituzte aireko kableak eta horiek heltzen dituzten metalezko zutabeak.

Egun horretan, eta konexioak egiteko beharrezkoa den epearako, korronte elektrikoa moztu egingo da aipatutako eremuetan. Horretarako Iberdrolak behar diren segurtasun neurriak ezarriko ditu eta bizilagunak jakinaren gainean jarriko ditu.

Ekimen honen bidez linea elektrikoak egokituko dira segurtasun araudia betetzeko, kableek eta horiek heltzen dituzten zutabeek (hain zuzen ere, Beraun kaleko espaloikoa) duten eragin bisuala ezabatuko da eta segurtasuna areagotuko da, istripuak saihestuz.