‘Dohaintzak. Etorkizun haziak’. Herritarren eskuzabaltasunari esker gauzatu den erakusketa

Errenteriako Udalak herritarrek egindako dohaintzei esker “Dohaintzak. Etorkizun haziak” erakusketa antolatu du Xenpelar Etxean uztailaren 11tik aurrera.

Dohaintza definizioz “norbaiti, borondatez eta ordainetan saririk hartu gabe, zerbait ematea; horrela ematen den gauza” da. Eta horrela, herritar askok eman dio hainbat elementu Errenteriako Udalari, borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe. Errenteriako herriaren kultur ondarea osatzeko beraien ekarpena eginez, espazio publikora ekarriz, denon eskura jarriz.

Izan ere, Udalari dohaintzan emandako argazki, dokumentazio, gure industriek ekoiztutako produktu, makineria, kartel eta askoz elementu gehiagok Errenteriako historia osatu eta herriaren etorkizuna eraikitzen laguntzen baitute.

Udaletik eskerrak eman nahi dizkiete orain arte herriko ondarearen kontserbazioarekin kolaboratu dutenei. Beraiei guztiei esker sortu da gaurtik aurrera ikusgai dagoen erakusketa.

Erakusketa zabalik egongo da uztailaren 28a arte, astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara eta Madalenetako jaiegunetan ere zabalik egongo da.

Erakusketako materialez gain, Herri Biziako Flickr-eko kontuan egongo dira eskuragarri udal artxibo fotografikoan azken urte honetan jasotako zenbait argazki.
https://www.flickr.com/photos/herribizia/collections/72157671020080318/