Udalak ikastetxeekin batera lanean jarraituko du joan-etorri jasangarriak sustatzeko

Errenteriako sei ikastetxeek 2017-2018 denboraldiko Eskola Kirola joan den hilabetean bukatu zuten. Bosgarren urtez jarraian eskualdeko udalek eta ikastetxe guztiek mugikortasun plana landu dute, eta kirolari eta senitartekoak gonbidatu dituzte asteburuko partidak egiteko asmoz kirol instalazioetara egiten dituzten joan-etorrietan garraiobide jasangarriak erabiltzera.

Jardunaldi guztietan datuak bildu dira, eta ikasle bakoitzari, banan-banan, galdetu zaie zein garraiobide erabili duten kirol esparrura joateko. Joan-etorri guzti horietatik %50,09 jasangarriak izan dira (oinez, bizikletaz, garraio publikoan edo ibilgailu partekatuan).

Ibilgailu partikularrean egiten diren joan-etorrien kopurua gainerako joan-etorrien batuketa berdina da, %49,91. Hori horrela, lanean jarraituko du Udaletxeak ikastetxeekin batera, datozen urteotan arlo honetan lortzen diren ehunekoak alda daitezen, eta ahal den neurrian kotxea aparka dezagun.
Bi ikastetxek (Koldo Mitxelena eta Orereta Ikastola) joan-etorri jasangarri gehiago egin dituzte, ibilgailu partikularrean baino, %58,01 eta %51,11, hurrenez hurren.

8tik 12 urtera bitarte eskola kirola da haurrek gehien eskatzen duten eskolaz kanpoko jarduera, %50 baino askoz gehiago, bigarren jardueratik oso urruti. Horregatik ari zaio gai honi horrenbesteko garrantzia ematen, asteroko joan-etorri kopurua oso handia baita.

Errenteriako ikastetxeen artean Koldo Mitxelena ikastetxea da, berriro ere, asteburuetako partidetara joateko garraiobide gisa bizikleta erabiltzeko ehuneko handiena duena, %8,09 hain zuzen ere. Bigarren lekuan, berriz Orereta Ikastola dago, %6,59ko erabilerarekin.

Udalak Ikastetxeak animatu nahi ditu kontzientziazio lan honetan jarrai dezaten, baita ikasleak ere joan-etorri jasangarri eta osasungarriez gozatzera.
Ikastetxeetatik eta udaletik animatu nahi dituzte joan-etorriak egiteko beste garraio batzuk erabil ditzaten: oinez, bizikletaz, ibilgailua partekatu edo garraio publikoa erabili. Egin dezagun ahalegina, denon onerako izango da!