Errenteriako segurtasunari buruzko azterlan-diagnostiko batek adierazi du “Errenteria herri nahiko segurua dela”

Errenteriako Udalak aurkeztu du Errenteriako segurtasun-gabeziari buruzko 2017ko azterlan-diagnostikoa, EHUren Kriminologiaren Euskal Institutuak egindakoa. Lan horretan aztertu dira datu objektiboak nahiz herritarren pertzepzioa. Datu objektiboei dagokienez, adierazi behar da arau-hausteen tasak behera egiten jarraitzen duela Errenterian 2011z geroztik, eta Gipuzkoako batezbestekoaren azpitik dagoela. Bestalde, Gipuzkoako tasa Bizkai eta Arabakoak baino baxuagoa ere bada. Horrela, azterlanak adierazten du “Errenteria herri nahiko segurua dela, ez duela kriminalitate-zifra alturik”.

Alabaina, diagnostiko horren baitako segurtasun-gabeziari buruzko azterlanak jasotzen du herriko 351 biztanleri egindako inkesta bat, non adierazten den inkesta egin zaienen % 55en sentsazioa dela Errenteria ez dela hiri segurua. Hori denez herritarren sentsazioa, Errenteriako Udalari dagokio segurtasun-gabeziako sentimendu hori eragiten duten kausak identifikatzea.

Testuinguru honetan eratu zen 2016. urtearen amaieran Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Tokiko Kontseilua. Bertan parte hartzen dute Udaleko hainbat azpisailek, herrian gizarte-arazoetan ibilbidea duten gizarte-eragileek, hezkuntzako eragileek eta Osakidetza, Ertzaintza eta Udaltzaingoko ordezkariek. Kontseilu honen helburua da prebentzioko ekintzak burutzea bizi-kalitatea hobetu eta bakean bizitzea sustatzeko; kontseilu honen baitan enkargatu zen aipatutako azterlana, diagnostikoan aukera eman diezagun balizko esku-hartzea hobe egokitu ahal izateko, gaur egun segurtasunaren alde egiteak, ustezko delitugilea jarraitzeaz gain, eskatzen baitu delituaren balizko hartzaileaz nahiz ingurune sozialaz arduratzea. Azterlan honekin jarraitzeko, ekintza-plan bat idazten ari dira herritarrentzat espazio seguruagoak eta kalitatezkoak sortzeko lagungarri izan dadin.

Hala ere, Udala aspaldi hasi zen hainbat neurri hartzen, baita prebentziokoak ere, eta hauek azpimarratu nahi lituzke:

1.- Ertzaintzarekin koordinatzea gatazkatsuenak diren puntuetarako eta sistematikoki egiten direnez gain operazio bereziak behar direnerako.

2.- 11 agente berri sartzea lan-eskaintza publikoaren bidez, auzoetako udaltzain gehiago izateko, hori baita prebentziorako polizia-eredua. Horrekin batera, 2014an beste 10 plaza atera ziren, 2013an ezarritako aipatutako polizia-ereduari erantzuteko.

3.- Errenteriako Udalak irailetik aurrera kale-hezitzaileak jarriko ditu, kalean lantzeko gizarte-arazoak eta horrela saihesteko segurtasun-gabeziako egoerak gerta daitezen eta arau-hauste penalak egin ditzaten.

4.- Azken urteetan Errenteriako Udalak apustu irmoa egin du kaleko argiak LED sistemakoekin ordezkatzearen alde, eta horiek argitasun gehiagoko eta segurtasun handiagoko sentsazioa ematen dute. Aldaketa hori gauzatzeko 1.022.000 € bideratu ditu.

5.- Azkenik, eta segurtasuna delinkuentziarik ez izatea baino gehiago denez, adibidez, elkarbizitzarako giro egokia izatea, 2016az geroztik Udalak kaleen garbiketa hobetzearen alde egin du, ingurunea garbiagoa eta seguruagoa izan dadin. Hobekuntza hori gauzatzeko urtean 500.000 € gehiago behar izan dira.

Horrela, bada, Errenterian arau-hauste penalen tasa % 0,7 jaitsi da 2017an, autonomia-erkidegoaren gainerakoan ez bezala, % 1,46 igo baita. Hala ere, datu hori pozgarria den arren, Udalak Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Tokiko Kontseiluarekin eskutik gogor lanean jarraituko du herritarren bizi-baldintzak hobetzeko. Zentzu horretan, aipatzekoa da inkesta erantzun duten herritar  gehienek uste dutela Errenteriako bizi-kalitatea ona dela.