Udalbatzarrak azkeneko eraso matxista gaitzetsi eta mugimendu feministaren deialdiarekin bat egin du

Errenteriako udalbatzarrak eraso matxista gaitzatsi eta horren inguruan egingo diren salaketa ekintzetan parte hatzera deitzen duen mozioa onartu du ahobatez.

Horrela dio, hitzez-hitz, onarturiko mozioak.

 

ERRENTERIAKO ALKATEAK URGENTZIAZ PENOARI AURKEZTEN DION MOZIOA
Errenteriako Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian, uztalilaren 17ko goizaldean gertatutako eraso matxistaren aurka, eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die erasoa pairatu duen emakumeari eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotutako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.
Errenteriako Udalak gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu, erkatu eta zabaldu ondoren, Udal honek indarrean duen protokoloa martxan jarri du.
Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko.
Errenteriako Udalak ez du atsedenik hartuko gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu arte.
Hau dela eta, Errenterian emakume batek jasan duen eraso matxistaren aurrean, Errenteriako Udalak, aho batez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu du:
1.- Errenteriako Udalak erabat gaitzesten du , uztailak 17an ; Errenterian gertatu den erasoa.
2.- Errenteriako Udalak erabateko gaitzespena erakutsi nahi du emakumeei egindako edozein indarkeria motaren aurrean, eta, zero tolerantzia adierazten du edozein eraso matxistaren aurrean. Halaber, erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna eta laguntza agertzen dizkio.
3.- Era berean, Udalak gertakari horien aurrean, aho batez adierazi nahi du emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera argia. Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta lanean jarraituko dugu erakunde, elkarte eta herritarrok, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen.
4.- Errenteriako Udalak beharrezko baliabide guztiak jartzen ditu erasotua izandako emakumearen eskura.
5.- Udalak bat egiten du eraso hori gaitzesteko deituko diren kontzentrazio guztiekin. Mugimendu Feministak deituta 2018ko 18an Errenterian arratsaldeko 19:30tan, Herriko Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera animatu nahi du gure gizarte guztia.