Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia Errenterian ospatuko da

Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia aurkeztu dute gaur, datorren urteko ekainaren 2an ospatuko dena.

1994 urteaz geroztik antolatzen du EHIGEk jai hori, tokiko ikastetxe publiko batekin elkarlanean. Helburua da eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzea. Jai txiki bat izaten hasi zen arren, etengabe handitzen joan da urte hauetan zehar.

Maialen Oliverik, Koldo Mitxelena ikastetxe publikoko ama denak, azaldu du nola sortu zituzten edizio honetako logoa eta leloa, ‘Makina bat taupada’. Adierazi du Errenteriako ezaugarri propioak bilatzen hasi zirela eta Errenteriak herri bezala historian izan duen ezaugarri nabarmenena industria izan dela kontsideratu zutela. Gainera, familia asko etorri ziren lan bila eta herria eraldatu zen.

Engranajeak irudikatzen du industria, eta eskolako komunitatea osatzen duten pertsonak engranajeak dira, elkarrekin lan egin behar dutenak. Hain zuzen ere, irudi horri lotuta sortu zen leloa: “Makina bat taupada”. Makina, alde batetik, asko direlako Euskal Eskola Publikoan ari direnak, eta bestetik, engranaje horiek elkartasuna, bizikidetza eta inklusibitatea irudikatu nahi dutelako, denon artean makina handi bat osatuaz.

Lehen aldiz, Oarsoaldean

Hau izango da Euskal Eskola Publikoaren Jaia Oarsoaldean lehen aldiz antolatuko den aldia. Oarsoaldean 12 ikastetxe publiko daude, eta 4350 ikasle aritzen dira bertan. Horietatik 6 ikastetxe Errenterian daude, eta 2500 ume eta gaztek ikasten dute horietan.