Oiartzun ibaia eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken garbiketa egiten ari dira

Oiartzun ibaia eta Tolarieta, Masti eta Lintzirin erreketan zegoen zaborren bilketa lanak egiten ari da aste honetan bi pertsonaz osaturiko taldea, Errenteriako Udala eta Behemendi Elkartearen arteko elkarlanaren ondorioz. 2016 urtean hasitako ekimen honek jarraipena izango du aurten ere, eta Oiartzun ibaia eta Lintzirin errekaz gain, Tolarieta, Masti eta Epentza errekak ere garbituko dira.

Oiartzungo ibaiaren eremuan, Oiartzungo mugatik hasi eta Santa Klara Enparantza arteko ibai zatia garbituko da, Lartzabal auzoaren aldamenetik Oiartzun aldera doan Lintzirin errekaren zatia barne.

Modu berean, Tolarieta, Masti eta Epentza errekak ere garbituko dira. Lehenengoa Tolarieta baserritik hasi eta Masti-Loidi poligonoa bitartean; bigarrena, Loidi baserriaren aldemetik hasi eta Pontikako auzoa bitarteko zatian eta hirugarrena Perurenatik hasi eta Txikierdi bitartean.

Garbiketa kanpaina honekin zaborren kudeaketa egokiaren garrantziaz sentsibilizatu nahi da gizartea. Zaborren kudeaketa eta sailkapen egoki bat egiten ez badugu, hondakin hauek ibai inguruetan amaitzen dute eta kalteak eragiten diete, paisaia zikindu eta itxura txarra emateaz gain.

Zabor horiek desegiten diren neurrian gai kimikoak askatuz joaten dira, kutsadura sortuaz. Plastikoaren kasuan, gainera, hegazti eta arrainetan kateatzen da eta zenbait kasutan izaki hauek akabatzea eragiten dute.

Etorkizun hurbilean hegaztiz, landarez, nahiz bizidunez beteriko ibaiak nahi baditugu, zaborren kudeaketa egokia egin behar dugu; bestela zabor eta isurkinak oztopo garrantzitsua izango dira ibai horietan bioaniztasuna bere osotasunean garatzeko. Horretarako instituzio eta herritarrok esku hartu beharra daukagu, ingurunea zainduaz eta gure jarduerak sortzen dituen hondakinak modu egokian kudeatuaz.