Auzo Elkarteek merezitako omenaldia jaso zuten atzo

Atzo, hilak 20, jaso zuten Errenteriako Auzo Elkarteek, aurtengo Madalenetako omenduak, Udalak eskainitako ohorezko oroigarria. Oihane Yustosek aurkeztuta, arratsaldeko 18:30ean hasi zen ekitaldia Niessen Kulturgunean.

Hasteko, Madalenetako kartel lehiaketa ofizialeko irabazleak, Jon Ander Artolak,  saria jaso zuen. Villabonakoak eskerrak eman zituen bere lana herriko festak iragartzeko aukeratzeagarik eta kartelean, aniztasunaren ideia islatu nahi izan zuela adierazi zuen. Saria Ion Collar Kultura zinegotziaren eskutik hartu zuen.

Joxe Legorbururi ere omenaldi txikia egiteko baliatu zuten ekitaldia. Legorburuk 35 urte daramatza Madalenei hasiera ematen dien suziria prestatu eta pizten laguntzen. Aurten egingo du lan hori azkenengoz. Alkateak oroigarri berezia eman zion.

Omenduak oholtza gainera igotzeko unea iritsi zen ondoren. Hala, Yustosek banan ban deitu zituen Errenteriako 15 auzo elkarteetako ordezkariak: Agustinak Auzoko Elkartea, “Arditurri” Alaberga Auzoko Elkartea, “Ongi Etorri” Beraun Auzoko Elkartea, “Oiarso” Edigune Auzoko Elkartea, “Erdiko-Erreka” Fanderia Auzoko Elkartea, “Laguntasuna” Gabierrota Auzoko Elkartea, “Gure Leku” Galtzaraborda Auzoko Elkartea, “Bukagaitz” Gaztaño Auzoko Elkartea, Igantzi Auzoko Elkartea, “Gurekin” Iztieta Auzoko Elkartea, Kaputxinoak Auzoko Bizilagunak, “Haritza” Lartzabal Auzoko Elkartea, “Zuhaitza” Olibet-Ugarritze Auzoko Elkartea, Pontika Auzoko Elkartea eta Zamalbide-Bentak Auzoko Elkartea.

Auzo Elkarteetako bakoitzak lore sorta eta  Gotzon Huegunek egindako eskultura jaso zituen oroigarri gisa eta guztien izenean, Gabierrotako Eva Díaz de Islak eta Pontikako Iñaki Zabaletak auzoetan egiten duten lanaren berri eman zuten.

Ekitaldiari amaiera emateko, Idoia Hernandez Toledo pianista eta konpositoreak, Hatxe bere bakarkako lehn diskoko bi pieza eskaini zituen.