Madalenak 2018, balorazioa

eUdala | Kultura | Madalenak 2018-07-27 | 2

Irailean bilduko gara Jai Batzordearekin eta Kulturako Batzordearekin 2018ko Madalenen balorazio zehatza egiteko. Hala ere, Kulturako zinegotzi naizen aldetik, eta gobernu-taldearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiet Madalenak aurrera ateratzeko ahalegina eta konpromisoa hartu duten elkarte, eragile eta kolektibo guztiei. Pertsona horien ahalegin eta inplikaziorik gabe ezin izango genituzke festak gozatu, eta programa ere ez litzateke hain osatua izango. Horregatik, nire lehen hitzak baliatu nahi ditut lan hori aitortu eta eskertzeko: Zorionak eta mila esker denoi.

Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiet eta aitortu nahi dut Udaleko departamentu guztiek (mantenimendua, kultura, udaltzaingoa, garbiketa-zerbitzuak, komunikazioa, etab.) lanerako izan duten prestutasuna, azkartasuna eta eraginkortasuna, bai eta herriko jaiak antolatzen lagundu duten langileen jarduna ere, pertsona horien guztien lanik eta ahaleginik gabe ezinezkoa izango bailitzateke Madalenak aurrera ateratzea. Gauza bera ekipo sanitarioari eta Babes Zibileko kideei ere, eskerrik asko egunero gutaz arduratzeagatik.

Ezin ditugu ahaztu aurtengo omenduak, Errenteriako auzo-elkarteak; mila esker hainbeste urtetan eta orain ere zuen auzoen eta gure herriaren alde egiten duzuen lan altruistagatik. Gaurko Errenteria zuen borrokari eta lanari esker da den bezalakoa. Zuen auzoetako errealitatetik abiatuta hobetzen dugu egunez egun Errenteria. Eta, azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu egunero jaietan lagundu eta gozatu duten herritarrei, zuek baitzarete Madalenetako ilusioa pizten duzuenak. Madalenen inguruko lehen balorazioa oso positiboa da. Aurtengo Madalenek ere distira berezia izan dute, eguzkia ere lagun izan baitugu. Jaiak giro onean gozatu ditugu, 150 jardueratik gora antolatu dira eta milaka pertsonek parte hartu dute, herrikoek nahiz ingurukoek. Azpimarratu behar dugu batzordeek eta elkarteek jarduera berriak bilatu eta antolatzeko egin duten ahalegina; Madalenetara berritasuna ekartzea erronka handia da, eta aurten sobera gainditu dugu erronka hori. Aipamen berezia merezi dute suzko zezenen entzierroak, 24 goizeko apar-festak eta gosari herrikoiak, eta Bandak jaiak amaitzeko ematen duen kontzertuaren formatu berritzaileak.

Gazteenak, haiek egindako ekarpenak eta musika izan dira aurtengo Madalenetako protagonista. Aurten berriz ere ahalegin berezia egin dugu arlo horietan, eta parte-hartzeko espazioak kontsolidatu ditugu; Mila Koloretako Txupinazo Txikiak eta “Holy Festak” arrakasta handia izan dute, bai eta protagonistek eurek antolatutako haurrentzako eta gazteentzako programazio guztiak ere. Eta gogoeta bat egin nahi dut, ez dago arrakastarako berme hoberik parte-hartzeko espazioetan egindako proposamenak entzun eta gauzatzea baino. Azpimarratzekoa da kontzertuen aukera eta kalitatea, gure herriak merezi baitu horrelako eskaintza zabala. Arlo horretan adin guztietako jendeari zuzendutako programazioa antolatzeko baliatu ditugu “OaingozHau”ren espazioak eta inplikazioa, lankidetzan jarduteko prest izaten baitira beti. Bihotzez, mila esker herriko jaien aldeko apustua egiteagatik eta proposamen berritzaile eta ausarta egiteagatik.

Danborradak ikusgarriak eta hunkigarriak izan dira, jende andanak hartu du parte. Eta ez dut hitzik bazkari herrikoiak azaltzeko, hala Jai Batzordeak txupinazoaren aurretik antolatu zuena nola Koadrilen egunean antolatutakoa; benetan sinisten dut jarduera horiek izan duten parte-hartzeak islatzen duela Madalenen izaera: herritik eta herriarentzat antolatutako jaiak dira.

Herritarrei gonbita luzatu genien jaiak goza zitzaten errespetuan, aniztasunean eta berdintasunean, eta balio horiek kontuan izan zitzaten. Aurrerantzean ere jarraituko dugu balio horiek lantzen eta elkarteen arteko lankidetza sustatzen, Udalaren eta elkarteen arteko sarea sortuta, jaiak antolatzeko erantzukizuna guztion artean partekatuta. Konpromiso irmoa dugu Madalenak errealitate horretatik abiatuta eraikitzeko.

Oro har, sekula baino hobe ibili gara jaietan, giroa atsegina izan da. Zorionez, jende asko ibili da jardueretan, herrian, eta jaietan ez da gorabehera berezirik izan, ohikoak besterik ez: lapurreta txikiak, laguntza medikoa behar izan duen norbait… Hartara, guri dagokigun ardurarekin, gogor lan egingo dugu datorren urtean horrelako gorabeherak ahalik eta gutxien izan daitezen.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu herritar guztiei, pazientzia izan dutelako. Badakigu askotan zaila dela festarako eta atseden hartzeko eskubidea bateratzea, eta, ildo horretan, eskerrak eman nahi dizkizuet bihotz-bihotzez pazientzia izan duzuelako eta egoera berezia zela ulertu duzuelako.

Errenteria herri bizia denaren adibide argia dira Madalenak.

Gora Madalenak! Gora Herria! Gora Zuek!

Ion Collar
Kulturako zinegotzia

No comments yet.

Utzi erantzuna