Aiako Harriko Parke Naturaleko eta Kontserbazio Bereziko Eremuko udako ibilbide gidatuak larunbatean hasiko dira

Iaz bezala, abuztuaren lehenengo asteburuan Aiako Harria Parke Naturalean kokaturik dagoen Errenteriako Listorreta-Barrengoloia aisialdi gunean uda honetako Natura-Giden Zerbitzu Ofiziala abian jarriko da.

Bertako Kultur Ondare eta bioaniztasun-maila aditu baten eskutik ezagutzeko aukera paregabea da, dudarik gabe. Izan ere, gune honek Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendapena du, Natura 2000 Sarearen barruan babestua.

Honela, ibilbideen eskaintza “Añarbe Baso- Erreserba” izeneko bisita gidatuarekin hasiko da. Datorren larunbatean, abuztuak 4, goizeko 10:00etan eskainiko da elebitan. Idoiatik, Susperregi jatetxeko aparkalekutik hasiko da bisita.

Bisita honetara bertaratzen direnek, paisaia irekiaz preziatzeko aukeraz gain, Malbazarko eta Pagosardeko hezegunetan aurki daitekeen flora eta fauna basatiak eta honen berezitasunak ezagutuko dituzte. Ibilbideak aparteko pagadietan barneratuko gaitu eta baso kudeaketarekin erlazionaturiko hainbat jokabide ikusteko aukera egongo da. 4 orduko iraupena izango du bisita honek.

Bestalde, iaz aurkitu ziren Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntzek berebiziko garrantzia emango diete Aizpitarte haitzuloetako bisita gidatuei, baita beren sarrera mugatu ere. Aurkitutako grabatuek gure arbasoen bizimoduari buruzko dugun ezagutza handitzen dute, antzinatasuna, erabilitako teknika eta euren kontserbazioa direla medio, ezohikoak.

Bisita gidatuen eskaintza Lau Haizeta Parkea eta monumentu megalitikoak bisitarekin osatuta dago. Bertan, Txoritokietako estazio megalitikoa dugu eta gure arbasoek legatuan eman zizkiguten hilobi monumentu desberdinak aurkituko ditugu. XIX. Mendeko San Marko eta Txoritokietako gotorleku militarrak eta bertako basoak eta hezeguneak ere ezagutuko ditugu.

Urria arte luzatuko da 12 bisita gidatuetako eskaintza. Guztiak goizeko 10:00etan hasiko dira, baina egutegi eta abiapuntu desberdinekin (Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa edo San Marko Gotorlekua), egin nahi den bisita motaren arabera.

1. Añarbeko Baso-Erreserba: abuztuaren 4ean eta 26ean, irailaren 15ean eta urriaren 7an. Abiapuntua: Idoia, Susperregi jatetxeko aparkalekua. Iraupena: 4 ordu.

2. Aizpitarteko leize-zuloetako aztarna paleolitikoak. Abuztuaren 12an, irailaren 1an eta 23an, eta urriaren 27an. Abiapuntua: Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa. Iraupena: 1:30 ordu. Aurkikuntzaren ondorioz, haitzuloak itxita daude, beraz, bisita gidatu hau eginez bakarrik sartu daiteke haitzulo barrura.

3. Lau Haizeta Parkea eta Txoritokietako Estazio Megalitikoa. Abuztuaren 18an, irailaren 9 eta 29an, eta urriaren 21ean. Abiapuntua: San Marko Gotorlekua. Iraupena: 3 ordu.

Ibilbide gidatu hauen prezioa 2€-koa da pertsonako. 7 eta 16 urte artekoentzat, aldiz, 1€-koa eta 7 urtetik beherakoentzat doan eskainiko dira.

Beharrezkoa da Errenteriako Turismo Bulegoan aurretik erreserbatzea hauetako edozein ibilbide gidatu egiteko, bai 943 494 521 telefonoan edota turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikoan ere. Turismo bulegoaren ordutegia: Uztaila eta abuztuan astelehenetik igandera 9:00-14:00 / 16:00-19:00. Gainontzekoetan, asteartetik larunbatera 10:00-14:00 / 16:00-18:00 eta igandetan 10:00-14:00.