Euskal musikaren altxortegia

Jon Baguesen zuzendaritzapean dagoen euskal musikaren artxibategia oharkabean pasatzen den altxorra da errenteriarrentzat. Hala ere, zuzendariak gogorarazten digu herriko eragile kulturaletako bat besterik ez dela, nazioarte mailan eta profesionaltasun handiz lan egiten duen arren. Artxibategiko funtsen artean, 200.000 dokumentutik gora dira alderdi guztietako euskal musika deskribatzen dutenak. Musikaste astearen itzalean sortu bazen ere, etorkizunean jarrita du begirada, egunero gaurkotuz doan bitartean.

Eresbil, Euskal Musikaren Artxibategi Nagusia, Errenterian sortu zen, eta bertan jarraitzen du gaur egun ere. Niessen kulturgunearen hegal batean du egoitza nagusia, eta milaka artxibo gordetzen dituzte bertan. Baina hasi, armairu txiki batekin abiatu zen Andra Mari Abesbatzaren zuzendari Jose Luis Ansorenaren eskutik.

Jon Bagues da Eresbilen egungo zuzendaria, Ansorenaren lekukoa hartuta. Gogorarazi duenez, Ansorenak lehenengo Musikaste antolatu zuen 1973an, eta orduko arrakasta zela eta, beste ekitaldi bat egitera animatu zuten. Orduan konturatu zen euskal musikagileen lanak jasotzen zituen artxiborik ez zegoela. Ideia sinple horrekin hasi zen biltzen mende guztietako euskal konpositoreen lanak.

Lehen egoitza Kaputxinoen elizaren beheko solairuan izan zuen, Andra Marik entseatzen zuen lokalean. Armairu bakarrarekin hasi

Eresbil artxibategiak duen espazioak alor ugaritan lan egitea ahalbidetzen du. Esaterako, hildako konpositoreen 180 funts oso ditu gorderik.

ziren, eta hura txiki geratzean, ondoko frontoi batera lekualdatu zuten. Hura izan zen artxibategiaren etxea , 2002an egungo eraikinera mugitu ziren arte. «Desberdintasuna izugarri handia izan da. Hura lokal bat zen, eta hemen lau pisu ditugu. Gainera, horretarako prestatuta dago: depositoak alde batetik; lantaldearen eremua bestetik; eta gero, bezero eta ikertzaileentzako beste leku bat. Askoz hobea da», esan du Baguesek.

Lan motak

Espazioaren handitze horrek lanean ere izan zuen eragina. Gaur egun, esparru askotan egiten dute lan, musikarekin lotuta, betiere. Horrela, partiturak bakarrik jasotzeaz gain, hildako konpositoreen funts osoak jasotzen dituzte. 180 bat dituzte gaur egun.

«Beste alde batetik», jarraitu du Baguesek, «musikari buruzko liburutegi orokorra egiten hasi ginen. Horrez gain, 1986tik, Euskal Herrian egiten diren disko guztiak sistematikoki jasotzen ditugu». Edozein musika mota izan daitekeela dela zehaztu du: hasi musika klasikoa deitzen zaionetik, gazteen musikaraino, herri musikatik pasatuta. «Gure fonoteka oso handia da. Esango nuke gure artxiboaren erdia entzunezko dokumentuak direla, eta beste erdia papera».

Izan ere, dokumentu kopuru handia daukate: 100.000 audio dokumentu dituzte, eta paperezko beste hainbeste. Bigarrenen kasuan, gehienak autore klasikoenak dira, herri musikakoak entzutekoetan.

Horrez gain, dokumentazio laneko beste 25.000 fitxa dituzte. Artxiboaren zuzendariak azaldu du zertan datzan horrek: «Egunero egunkariak begiratu eta mozketak egiten ditugu, talde batek diskoa aurkeztu baldin badu edo. Interpreteak, musikagileak… horrekin dossierrak egiten ditugu. Guretzako oso interesgarriak dira, talde horiek egiten duten musika sailkatzeko orduan, asko laguntzen digute».

Hori guztia kudeatzeko 11 laguneko lantaldea dute, bi sail handitan banatuta. Alde batetik, administrazioa: kudeaketa, erosketak… Bestetik, lan teknikoa. Bost dokumentalista daude, eta hiru arlotan egin dute lan: idatzizko arloa; musika partiturak; eta ikus-entzunezko dokumentazioa. Azken horretan, teknikari propioa bat dute, edukien trasbasea egiteko eta digitalizatzeko.

Musikaren euskal artxibo nazionala da Eresbil. Eusko Jaurlaritzarekin bi hitzarmen dituzte. Lehena, artxiboak kudeatzeko.

11 pertsonak osatzen dute Eresbilen lan-bolumen osoa kudeatzen duen lantaldea.

Bigarrena, Euskal Autonomia Erkidegoko lege gordailua zaintzearena eta katalogatzearena. «Adibidez, euskal liburutegi sarean ikusten den euskal rockaren fitxategi guztiak guk egiten ditugu, eduki guztiak hustutzen ditugu hara. Gure lana espezializatua da. Normalean, liburuzainek ez dute denborarik disko baten deskribapen oso zehatza egiteko».

Musikari lotuta

Eresbileko zuzendariaren ustez, Errenteriak lotura handia du musikarekin. Artxibategiaz gain, herrian dago Euskal Herriko Txistularien Elkartearen egoitza, eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea udalerrian bertan sortu zen.

Sona handia dute herritik kanpo. «Lotura handia daukagu Euskal Herriko beste artxibo eta liburutegiekin. Baina ez hori bakarrik: estatuko Madrilgo eta Kataluniako liburutegi nazionalekin, Galiziako liburutegiarekin, Andaluziako dokumentazio zentroarekin… Nazioarteko erakundeekin ere badaukagu harremana. Beraz, kanpoan Errenteriaren izena saltzen dugu», esan du.

Kanpoan ezaguna izanagatik, Baguesek aitortu du herrian bertan ez dela hain ezaguna. Bitxikeria batekin azaldu du, umoretsu: «Kanpoko bezeroak etortzen direnean, errenteriar bati galdetzen diote ea non dagoen Eresbil, eta askotan ez dakite erantzuten… Egia da, baita ere, arkitektoak oso arkitekto direla, eta ez ziguten utzi eraikinaren kanpoaldean gure izena jartzen. Atean badago silueta, baina ez da oso erraz ikusten…».

Hala ere, normala dela uste du. Izan ere, Eresbil ez da egunero erabiltzeko zerbitzu bat, denda bat izan daitekeen bezala. «Herrian bizi direnei ere ematen diegu zerbitzua, baina mundu guztiarentzat egiten dugu lan. Horrek ez du esan nahi herriarekin gehiago ezagutarazi behar ez denik. Jendeak jakin behar du hemen gaudela, existitzen garela, eta harro egotea ondare aldetik garrantzitsua den erakunde bat badagoela jakinda». Musikarekin lotutako edozein zerbitzurako ateak zabalik dituzte: «Adibidez, inauterietako musikaren kopia asko egin ditugu herriko taldeentzat. Horretarako ere bagaude; herri eragile bat gehiago gara».

MUSIKASTE, DIBULGATZEKO

Musikaste Euskal Musikaren Astea izan zen Eresbil sortzeko txinparta. Urtero egiten dute Andra Mari Abesbatzak antolatuta, eta mende berriarekin batera, Eresbil ere sartu zen antolakuntzan.

Ekitaldi bakoitzerako gaiak aukeratzekoan, normalean, mendeurrenak hartu eta horretan oinarritzen dira programa osatzeko. Aurten, eta emakume emakume konpositoreak izango dira ardatza maiatzaren 18tik 26ra antolatuko den musika astean.

Bada gaia hautatzeko arrazoirik: emakume konpositoreei bultzada emateaz gain, Maria Luisa Ozaitaren funtsa jaso zuten Eresbilen. Bagues: «Barakaldoarra zen, baina Madrilen bizi, eta joan den urtean hil zen. Bizi zen artean, bere funtsa hona ekartzea erabaki zuen, eta horregatik omendu nahi dugu. Ozaita, gainera, Asociacion Mujeres en la Musica sortzaile eta lehendakaria izan zen. Omentzea derrigorrezkoa eta bidezkoa iruditzen zitzaigun».

Errenteria Herri Bizia aldizkariaren 6. zenbakian argitaratutako artikulua.