Gazteen etxebizitza komunitarioa gauzatze epean sartu da

ADN | Gazteria 2018-08-30 | 0

Herriko gazteek Marea Gora prozesu parte-hartzailean adierazi bezala, kezka nagusienetako bat emantzipazioa da eta hau ahalbideratzen duen etxebizitza izateko aukera. Eskari honi erantzunez Udalak Urbia plazan duen eraikinean gazteentzako etxebizitza komunitarioa proiektua gauzatzeari ekin dio. Honela bada, udan abiatutako egokitze lanak aurrera doaz eta hauekin batera proiektuaren gauzatzeak eskatzen dituen gainontzeko ekimenak ere.

Gazteentzako etxebizitza komunitarioaren ordenantza da ekimen horietako bat. Agiri honen funtsa da arautzea udal jabetza izango duten gazteentzako etxebizitza komunitarioen funtzionamenduaren oinarrizko elementuak. Ohiko prozedurari jarraiki dokumentua Udalaren web orrian dago eskura eta Gazteria azpisailaren web orrian. Gaurtik hasita herritarrek proposamenak egiteko 10 lane-eguneko epea izango da, irailaren 14 bitarte, hain zuzen. Proposamenak Zu! Zerbitzuan aurkeztu behar dira (Herriko plaza z/g).

Era berean, udal arduradunek gogorarazi nahi dute Urbia plazan dagoen eraikinaren lanek aurrera darraitela; eta horien bukaera aurreikusten dute ordenantzaren prozesua bukatu eta aste gutxi gerorako.

Etxebizitza komunitarioa, Plan Estrategikoaren eta Gazte Planaren emaitza.

Errenteria 2025 Plan Estrategikoan gazteriari lotutako gai estrategiko hauek zehaztu ziren: “alokairuan dauden etxebizitzen eskaintza sustatzea”; “gazteen artean enplegua eta ekintzailetza sustatzea” eta “Errenteria 2025 proiektuan gazteen parte-hartzea sustatzea”. Hau guztia kontuan izanik, Gazte Plana egitea onartu eta bideratu zen.

18-30 urte bitarteko etapari dagokionez, diagnostikoan, emantzipazioaren gaia lantzeko beharra lehenetsi zuten gazteek, lana eta etxebizitzaren gaiak jorratzeko beharra. Ondorioz, lanketa berezitu bat abiatu zen etxebizitzari lotuta.

Etxebizitzaren gaia jorratzeko batzarretara gonbidatzeko helburuz, 18-30 urte bitarteko Errenteriar orori gutuna bidali zitzaien, 4000 gutun guztira. Ondorioz, 150 gaztek hartu zuten parte prozesu osoan zehar. Honek guztiak aurrera egin eta hainbat saioren ondorenprograma arkitektonikoa aurkeztera eta etxebizitza komunitarioaren funtzionamenduaren proposamena adostu zuten. Proposamen hori oinarri hartuta osatu du Gazteri sailak gaurtik aurrera publiko aurrean dagoen ordenantza.

No comments yet.

Utzi erantzuna