Geldialdi teknikoa dela-eta Fanderiako igerilekua itxita egongo da irailaren 23ra arte

Osasun araudia betetzeko egiten ari diren hainbat garbiketa eta mantentze-lan direla eta, Fanderiako Udal Igerilekua itxita egongo da gaur hasi eta irailaren 23ra arte, urtero bezala.

Igerilekua erabat hustu eta garbitu egingo da, eta, horretaz gain, legionelosia prebenitzeko eta fumigatzeko lanak eta ohiko iturgintza eta igeltserotza lanak egingo dituzte.

Honetaz gain, iragazte-sistema aldatuko dute eta airea girotzeko eta hezetasuna kentzeko sistema berria jarri. Guztira 200.000 euroko inbertsioa egingo da gutxi gorabehera.

Egun horietan Galtzarabordako Udal Kiroldegia ohiko ordutegian egongo da irekita, igerileku eta fitness gune zerbitzuak eskainiz.

Era berean, Beraungo Udal Igerilekuen udako denboraldia atzo, igandea, bukatu zen.

Izen-emate eta ikastaroei buruzko kontsultak Galtzarabordako Udal Kiroldegiko harreran egingo dira (telefono zenbakia: 943 44 96 90).